Lointek Gernika Bizkaiak nagusitasunez irabazi du etxeko lehen partida
Atzo arratsaldean Lacturale Araski talde gasteiztarraren kontra lehiatu zuen denboraldiko 2. jardunaldia. Malosteko zaleen aurrean, 66-47 nagusitu zen talde gernikarra. Zale gernikarrek zein Gasteiztik etorritakoek giro ederra sortu zuten, eta batik bat etxekoek gogor animatu zituzten beren jokalariak.
Lehen jardunaldiko porrotaren ostean, defentsa lana hobetzeko, eta azken orduko hutsegiteak saihesteko helburuagaz kantxaratu ziren etxeko jokalariak. Talde gasteiztarrak ez zuen amore eman, baina, ezin izan zuten etxekoen nagusitasuna apurtu. Talde gernikarrak oso maila ona erakutsi zuen, batik bat lehen hiru laurdenetan.
Hasierako minutuak nahiko berdinduak izan ziren. Lacturale Araskiko Arrate Agirrek zenbait hiruko sartu zituen lehen laurdenean, eta etxeko taldearen defentsak aurkariaren jokaldiak eragozteko sufritu zuen. Hala ere, alde txikia izan arren, talde gernikarrak markagailuan aurretik amaitu zuen lehen laurdena (17-14).
Bigarren laurdenean egoera aldatu zen. Lointek Gernika Bizkaiaren defentsak lan bikaina burutu zuen, gasteiztarrak estutuz. Erasoan ere fin aritu ziren etxeko jokalariak. Besteak beste, Maria Asurmendiren azken paseei, eta Naiara Diez kapitainaren hirukoei esker, bi taldeen arteko aldea nabarmen handitu zen. Ondorioz, 43-19-ko emaitzagaz joan ziren atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ostean ere etxeko taldearen nagusitasuna agerian geratu zen. Bi taldeen arteko aldea gero eta nabarmenagoa zen, eta Lointek Gernika Bizkaiak zenbait minututan 30 puntuko errenta lortu zuen. Etxeko jokalariek erasoko jokaldietan asmatzen, eta defentsan sendo jokatu zuten.
Azken laurdenean etxekoek defentsan erakutsitako intentsitatea jaitsi zuten, eta Araskiko jokalariek markagailuko aldea murrizteko aprobetxatu zuten.
Hurrengo hitzordua Kanaria uharteak
Gernika-Lumoko taldeak Spar Gran Canaria taldearen kontra lehiatuko du ligako 3. jardunaldia. Zapatuan, 19:00etan hasiko da bi taldeen arteko lehia, Paterna kiroldegian.
ARGAZKIAK (Txebi Arriaga):