Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin duten bermeotarrek, Bermeoko Udalak horretarako ematen dituen
diru laguntzak eskatu ditzakete. Eskariak
Berhaz bulegoan aurkeztu beharko dira, eta
urriaren 31a izango da horretarako azken eguna.
Eskatzaileek, hain zuzen ere, eskaera orria, nortasun agiriaren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia aurkeztu beharko dituzte. Horrez gain, prestakuntza euskaraz jaso izanaren eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria ere eraman beharko dute Berhaz bulegora.
Diru laguntzak jasotzeko bete beharreko
baldintzak honakoak dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta udalarekin zorrik ez izatea. Baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileek, aurten,
150 euroko laguntza jasoko dutela jakinarazi dute.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko euskara zinegotziak azaldu dutenez, “Bermeoko autoeskolek gidabaimena euskaraz prestatzeko aukera ematen dute, teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz badagoelako”.
Bestalde,
2015-2016 ikasturtean edota
2016ko udan euskara ikasteko ikastaroak egin dituzten herritarrek ere
Bermeoko Udalaren diru laguntza jasotzeko aukera dute. Horiek eskatzeko azken eguna urriaren 31 izango da.