Gernika R.Tko nesken taldeak 52-8 galdu du ligako lehen jardunaldian
Atzo eguerdian Eibar Rugby Taldearen kontra debutatu zuen talde gernikarrak.
Sortu berri duten taldeko jokalariak gustura aritu ziren Amaiur Txapelketaren lehen hitzorduan. “Ondo jokatu genuen, ahal duguna egin genuen, eta guretzat partida irabaziko bagenu bezala da”.
Azaldu dutenez, batik bat parte fisikoan hutsegin zuten. Baina, eibartarrek duten esperientzia izan zen neurketaren giltzarria. Izan ere, horiek urteak daramatzate liga lehiatzen.
Basurdeen puntuak Leire Gomezek eta Batirtze Basabek lortu zituzten. Lehenak lortu zuen gernikarren entsegu bakarra, eta Basabek, berriz, gaztigu ostiko bat transformatzen asmatu zuen. Halaber, aukera gehiago izan zituzten.
2. jardunaldia etxean
Atzoko esperientziatik ikasita, hurrengo jardunaldira begira daude Gernika R.T-ko neskak. Zapatu eguerdian jokatuko dute denboraldiko etxeko lehen partida. Marzola Rioja taldearen kontra lehiatuko dute 2. jardunaldia Urbietan, 12:00etatik aurrera.
Basurdeek azaldu dutenez, partida berdindua izatea espero dute. Izan ere, haiek moduan talde errioxarra ere aurten federatu da. “Bi taldeak hasiberriak gara, beraz, atzoko partidagaz konparatuta, bion artean alde txikiagoa egongo dela uste dugu”.