14-11 irabazi zuten atzo eguerdian, Urbietan. Etxeko zein talde gipuzkoarreko zale asko batu ziren, eta beste urteetako derbietan moduan, giro itzela sortu zuten.
Aurreko bi jardunaldietako porroten ostean, atzoko garaipenak hurrengo jardunaldian konfiantzaz jokatzeko balioko die gernikarrei.
Partida hasiera berdindua izan zen, eta CRE Hernanik estreinatu zuen markagailua 5. minutuan. Handik hamar bat minutura heldu zen etxekoen erantzuna, markagailua berdintzea lortuz.
Hurrengo minutuetan basurdeak aurkariaren zelaian lekua eginda, hobeto jokatzen hasi ziren. Horrela heldu zen Jorge Domingezen entsegua, 23. minutuan (8-3).
Bospasei minutu beranduago, Federico Martin Pichlerrek gaztigu ostikoa transformatzean, errenta 11-3-ra handitzea lortu zuten. Baina, bi minutura Anartz Elosegi Hernaniko jokalariak gauza bera egin zuen, eta ondorioz, markagailuan bost puntuko aldeagaz jarri ziren.
Hala ere, etxeko taldeak erasoko jokaldiak sortzen jarraitu zuen, eta atsedenaldira joan aurretik, Pichlerrek beste gaztigu ostikoa transformatzea lortu zuen. Beraz, 14-6-ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia.
La Cuadri del hospi elkartekoek egin zuten ohorezko sakea. Besteak beste, elkarteak umeen minbiziaren ikerkuntzaren, eta hezur muina ematearen alde dihardu.
Bigarren zatiaren hasieran hernaniarrak basurdeak estutzen zebiltzan, eta atzealdean larri ibili ziren etxekoak. Horiek partidaren kontrola bereganatu gura zuten, baina, Ederrek txartel horia ikusi, eta jokalari bat gutxiagogaz geratu ziren.
Orduan heldu zen Igor Etxeberria Hernaniko jokalariaren entsegua, eta partida amaiera arte, basurdeak hiru puntuko aldeagaz aurretik izan ziren. Aurkariaren entseguaren ondoren suspertu egin ziren etxekoak. Aukera bat baino gehiago sortu zuten, baina, ezin izan zuten puntuak pilatzen jarraitu.
Hernani bere aldetik, garaipena lortzeko ahaleginetan aritu zen, baina, ezin zuen basurdeen atzealdea gainditu. Partidako azken minutuetan entsegua lortzeko zorian egon ziren hernaniarrak.
ARGAZKIAK: Txebi Arriaga