Natur taldearen galderak ez dituzte aintzat hartu
Mutrikuko Natur Taldeak jakitera eman duenez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu diren bost alderdi nagusiei herriak jasaten dituen ingurumen arazoei buruzko hainbat galdera bidali zien irailaren hasieran. Baina taldeak ohartarazi dutene...
Mutrikuko Ingurumenaren defentsarako plataformako kideek, hain zuzen ere, ingurumena eta ondare babesa bultzatzeko borondatearekin euskaraz zein gazteleraz egindako bederatzi galdera egin zizkieten alderdiei. «Irailaren 5ean posta erregistratu bidez eskutitz bana bidali genien EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EAJ, PSE eta PPri, eta beraien erantzunekin alderaketa moduko bat egin nahi izan genuen bozkatzeko aukera dutenekin».
Galderei dagokienez, lehen laurak dikearen gainekoak izan ziren. Lehendabizi, kanpoko dikearen luzapena proiektu ofizialak adierazten duen neurrira egitearen alde aurka agertzen ziren galdetu zuten. Horren gainean, gainera, partaidetza prozesu bat irekitzeko prest egongo ziren ere galdegin zuten.
Natura babesteko neurriak
Era berean, kanpoko dikeari atxikirik dagoen olatu plantari kostu ekonomikoari, eraikuntzaren gastu energetikoari eta benetako errentagarritasun energetikoari buruzko egia azaltzeko prest egongo ziren ere proposatu zuten. Horrekin batera, olatu plantak eragin dituen zer neurri zuzentzaile hartuko zituzten, eta horretarako partida ekonomikorik bideratuko zuten ere galdegin zuten.
Dikeari buruzko galderez gain, arrantza politika eta meategien legea aldatuko ote zuten ere galdegin zieten alderdi politikoei.
Azken galderetan, ordea, hiri barneko edo kanpoko dentsitate txikiko hirigintza plangintza zorrotz batekin arautuko zuten proposatu zieten.
Bestalde, kontserbazio bereziko eremuetan kudeaketa planak betetzeko eta finantzatzeko borondaterik zuten ere galdegin zuten. Azkenik, legealdi honetan Saturraran hondartzan amaitzen den Mijoa errekaren moduko ibai eta erreken ur zikinen sareak bukatzeko prest egongo zitezkeen galdetu zuten.