Basurde sena berriro Amaiur ligan
Hilabete gutxitan taldea sortu, eta lehiarako prest, gogotsu eta ilusioz beteta daude Gernika R.Tko nesken taldeko jokalariak. Etzi Eibarren kontra jokatuko dute ligako lehen jardunaldia.Taldea sortu eta federatu ostean, denboraldia hasteko prest daude...
Hilabete gutxitan taldea sortu, eta lehiarako prest, gogotsu eta ilusioz beteta daude Gernika R.Tko nesken taldeko jokalariak. Etzi Eibarren kontra jokatuko dute ligako lehen jardunaldia.
Taldea sortu eta federatu ostean, denboraldia hasteko prest daude Gernika R.Tko neskak. Gogotsu ari dira entrenatzen, esperientzia berriari ekiteko ilusioz.Orain urtebete, irailaren 1ean, pare bat lagunek taldea sortzea pentsatu zuten. Esan eta egin. «Arratiko taldean entrenatzen nuen aspaldi, baina lehiatu inoiz ez», dio taldearen sorreran parte hartu duen Lukene Uriartek. Gehienak hutsetik hasi dira. Orain dela urte batzuk herrian nesken taldea bazegoen arren, desagertu egin zen, eta nahiz eta harrezkero saiakeraren bat egin, oraintxe osatu da taldea.
Iazko irailean sei neska batu ziren. Errugbia gustuko zuten, eta taldea sortzeko nahikoa ez zirenez, lantzean behin entrenatzeko batzen ziren Gernikako Europako Herrialdeen Parkean. Horrela, Gabonetako oporraldian Gernika Rugby Taldeak antolatzen duen Tokata Txapelketan parte hartzera animatu ziren taldeko zenbait jokalari.
Sei jokalari haietatik, «apurka-apurka» hemeretzi jokalari izatera pasatu dira: «Orain gutxira arte sei baino ez ginen, baina azken hilabetean gero eta gehiago batu gara entrenamenduetan. Nahiz eta hemeretzi jokalari federatu garen, entrenatzen gehiago ere etortzen dira».
Urtarriletik Urbietan
Urtarrilaz geroztik entrenatzailea ere baudute. Ordutik, Gernika R.T-ko beste taldeen moduan, Urbietan entrenatzen dute. Ander Bilbao da entrenatzailea. «Facebookera mezua bidali zigun, gu entrenatzeko prest zegoela esanez».
Astean hirutan batzen dira: martitzen, eguen eta barikuetan. Errugbi jokalari izandakoa da Bilbao, eta berak ezin duenean, Lide Gonzalez nesken taldeko jokalari ohiaren laguntza dute. Gonzalezek lau denboraldi egin zituen herriko taldean, eta desegitean Mungiara joan zen. «Berriro ere nesken taldea egoteak ilusio itzela egiten dit», esan du.
Herritarren artean ez ezik, klubaren barruan ere nobedadea direla diote. Horren erakusle da klubeko talde guztien aurkezpenean nesken taldeak jaso zituela txalo eta animo oihu handienak.
Herrian oihartzuna izateko, askotariko ekintzak egin dituzte: pintxo-potea, kamisetak saldu… Eta partida bakoitzean otzara bana zozkatzeko asmoa dute: «Beranduago makro otzara bat ere zozkatu gura dogu, Gabonak aurretik», azaldu dute.
Eibarren kontra jokatuko dute domeka eguerdian Amaiur ligako lehen jardunaldia, Unbe zelaian. Zortzi taldek lehiatuko dute liga; besteak beste, Getxoko, Durangoko, Hernaniko eta Gasteizko taldeak izango dituzte basurdeek aurkari.
Nahiz eta zalantzan egon diren federatu ala ez, azkenean, animatu eta ligari ekiteko gogotsu daude. Denbora gutxian asko lortu dutela diote. Izan ere, hasieran ez zuten espero hainbeste jokalari izango zirenik, ezta Amaiur Euskal Ligan debutatzerik ere. «Uste dugu denboraldia aurrera joan ahala jende gehiago animatuko dela», esan dute.
Horixe da espero eta gura dutena. Izan ere, denboraldia luzea izango da, eta lesio asko badituzte ezingo dira lehiatu: «Gutxi gaude, eta badakigu lesionatzea erraza dela».
Zaleen aurreko debuta
Liga hasi aurretik, udan, bi txapelketa jokatu dituzte. Ekainean debutatu zuten Nojan (Kantabria, Espainia). Han, hondartzako zazpiko txapelketan parte hartu zuten. Lau partidetatik bakarra irabazi zuten; «hala ere, guretzat txapelketa irabaztea bezalakoa izan zen», diote, barrez.
Hilaren 18an estreinatu ziren etxeko zaleen aurrean, Eibar eta Gaztedi taldeen kontrako hiruko txapelketan. «Bi partidak galdu bagenituen ere, gustura aritu ginen. Denok gara berriak, eta egindako lanagaz gustura gaude», diote. Hiruko txapelketa ikusteko Urbietan jende asko batu zen. Hasieran urduri eta lotsatuta egon arren, zaleen animoek aurrera segitzeko indarra eman diete. «Jende asko batu zen, tartean espero ez genituen herriko neska asko. Nagusien taldeko jokalariak ere egon ziren, eta hori ere pozgarria da».
Etxeko partida jokatu ostean, gero eta motibatuago daudela diote: «Kontaktuzko kirola da, baina, debutatu ondoren, beldurra baino gogo gehiago ditugu».
Herritarren babesa sentitzea garrantzitsua da haientzat: «Jendea asko laguntzen ari zaigu. Esate baterako, herriko merkatariek dirua lortzeko otzarak egingo dizkigute».
Estereotipoak apurtzen
Beste kiroletan aritu dira gehienak, eta horien aldean errugbia kirol «konplikatua» dela diote. «Gauza asko ditu: paseak atzera egitea, hankekin zein eskuekin jolastea… Desberdinena da».
Jokalarien artean gazteenek 15 urte dituzte, eta zaharrenak 28. Errugbian hasi aurretik saskibaloian, eskubaloian edota futbolean aritu dira. Hala eta ere, badira errugbian eskarmentua dutenak ere. «Hiru kidek mutilen taldean, 16 urtez azpikoetan, jokatu dute. Batek, gainera, errugbian umetatik jokatzen du; zortzi urte daramatza», dio Uriartek.
Denen ikasketak eta lana uztartzea erraza ez bada ere, aniztasun horrek taldea aberasten duela diote. Hala ere, jende gehiago behar dutela badakite, eta neskak errugbia probatzera animatu dituzte: «Ez da erraza neskak erakartzea. Oraindik ere neskak errugbian jokatzea ez dago ondo ikusita. Batek, gurasoek eskatuta,entrenatzeari utzi dio, neskentzako kirola ez dela esan diotelako».
Herrian neska gehienek saskibaloian jokatzen dute, eta hori aldatu nahi dute: «Errugbia aukera moduan ikustea gura dugu, ez bakarrik saskibaloia edo futbola». Oraindik orain, mito nahiz estereotipo sexistek jendartean eta kalean jarraitzen dute. Estereotipo eta mito horiek apurtzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. «Nik Gorputz Hezkuntza ikasten dut. Irakasleak animatu egin baninduen ere, gelako mutilek, harrituta, honetan zelan hasi naizen galdetu zidaten».
Halaber, errugbia «astakiloen» kontuekin lotzen dute batzuek oraindik. «Askok uste dute errugbian jokatzeko handia izan behar zarela. Eta horregatik asko ez datoz». Nesketan zein mutiletan, kirol horretan denak beharrezkoak dira; bakoitzak bere abilezia eta bertuteak ditu. «Ez da fubolean edo saskibaloian moduan. Hemen denok dugu gure balioa, eta nork bere lana egin barik ez dugu ezer lortzen, ez dugu entsegu bat egiten; ezin dugu partida bat aurrera atera».