Kontuleku tailerra eskainiko dute Bermeoko eta Gernikako liburutegietan
Haurren artean literaturarekiko zaletasuna piztea da Kontuleku tailerraren helburua, eta 3 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako ekimena da. Interesa duten horiek guztiek, Bermeoko eta Gernika-Lumoko liburutegietan eman ahalko dute izena.
Kontuleku tailerraren bitartez, liburuekiko maitasuna sustatzeaz gain, ahozko literaturaren eta irudimenaren munduari esker, umeen eta gurasoen arteko harremanak sendotu gura dituzte. “Haurrei beste zaletasun bat pizten zaie, eta gurasoek irakurtzeko eskatzen dietela esaten digute”, azalzen du Gernika-Lumoko liburutegiko arduradunak
Bermeon, urriaren 17tik abenduaren 12ra izango da, astelehenetan. Guztira, bederatzi saio egingo dituzte. Jakinarazi dutenez, bi taldetan banatuko dituzte umeak; alde batetik, 3 eta 4 urteko umeen taldea egongo da, eta horiek 17:00etatik 18:00etara batuko dira. Bestetik, 5 eta 6 urtekoen taldea 18:00etatik 19:00etara batuko da.
Taldeak mugatuak izango dira; talde bakoitzean zortzi umek parte hartu ahalko dute guraso bategaz.
Gernika-Lumon taldeak zarratuta daudela adierazi dute antolatzaileek, hala ere itxaron zerrendan irekita dagoela jakinarazi dute, eta norbaitek tailerrak uzten baditu, sartzeko aukera legoke. Hemen, urriaren 5etik azaroaren 30era bitartean izango da, eguaztenetan eta Bermeoko liburutegiaren ordutegi berdinarekin.
Bermeoko udal liburutegiko arduradunek azaldu legez, «gurasoek bere seme-alabekin bizipenak elkarbanatzeko baliabideak aurkituko dituzte espazio horretan: soinu jolasen, jolas lirikoen edota antzerkien bitartez, beste teknika batzuen artean». Hala, diotenez, horien bitartez, afektibitatea, psikomotrizitatea, estimulazio goiztiarra eta harremanak landuko dituzte, besteak beste.
Saio bakoitzean jarduera eta gai desberdinak jorratuko dituztela adierazi dute. Era berean, parte hartzen duten gurasoei, bibliografia eta etxean lantzeko jarraibideak emango dizkiete, hala gura izanez gero.