Jasogailu hidraulikoa jarri berri dute Areneko kiroldegiko igerilekuan
Teilatuaren konponketa proiektuaren bigarren faseko lanak ere egin dituzte; txapazko gunearen gainean, dagokion egitura jarri diote. Estaltzea baino ez da falta lanekin amaitzekoDibertsitate funtzionala duten pertsonei Araneko kiroldegiko igirilekua er...
Teilatuaren konponketa proiektuaren bigarren faseko lanak ere egin dituzte; txapazko gunearen gainean, dagokion egitura jarri diote. Estaltzea baino ez da falta lanekin amaitzeko
Dibertsitate funtzionala duten pertsonei Araneko kiroldegiko igirilekua erabiltzeko erraztasunak eman asmoz, jasogailu hidraulikoa jarri berri dute. Irune Ormaetxea kirol zinegotziak azaldutakoaren arabera, «Bermeoko Udalaren helburu garrantzitsu bat da irisgarritasuna bermatzea eta pertsona guztiei kirola egiteko aukera eskaintzea».Irailaren 1etik 17ra Araneko kiroldegia itxita egon zen. Azaldu dutenez, tarte hori aprobetxatu dute hobekuntzak egiteko. Esaterako, kiroldegiko teilatuaren konponketa proiektuaren bigarren faseko lanak egin dituzte. Txapazko gunearen gainean dagokion egitura jarri dute. Orain, Ormaetxeak azaldu duenez, estaltzea baino ez dute falta. Lan horiek irailaren amaierarako amaituta egotea aurreikusten dute. Teilatua konponduta, bi helburu lortuko dira: «Alde batetik, beroa eta kondentsazioa murriztuko dira; eta, bestetik, itoginen arazoa konponduko da. Hala, eraikinaren egoera hobetuko da, erabiltzaileei zerbitzu hobeagoa eskainiz».
Tratamenduak
Bestalde, legionelaren aurkako tratamendua ere egin dute, ur beroaren eta hotzaren zirkuituetan. Gainera, intsektuen, arratoien eta mikrobioen aurkako DDD tratamendua ere ezarri dute. Ildo berean, igerilekua hustu, zirkuitu guztiak garbitu eta egoera okerrean zeuden baldosak aldatu dituzte. Horrez gain, ur beroaren metagailuak aldatu dirtuztela jakinarazi dute, metagailu bakoitza 3.000 litrokoa dela zehaztuta. Horien bitartez, «behin-behinean duten ur eskari handiari arazo barik erantzutea» espero dute.
Garbiketa orokorra eta sakona eta konponketa txikiak ere egin dituzte igerilekuan bertan, makina gelan, kiroldegiko kanpoko aldean eta aldageletan. Lan horiek guztiak egin ahal izateko, kiroldegia itxita egotea «ezinbestekoa» zela esan du Ormaetxeak.