Hegaluzea arrantzatzeko debekua martitzenera arte atzeratu du Madrilek
Espainiako Nekazaritza Ministerioak arrantzaleen kexuei erantzunda erabaki du behin-behineko kanpaina itxiera atzeratzea. Kanpaina eskasa ari da izaten bizkaitarrentzatAtzo gauerdian barik, datorren martitzenean itxiko dute, behin-behinean, hegaluzeare...
Espainiako Nekazaritza Ministerioak arrantzaleen kexuei erantzunda erabaki du behin-behineko kanpaina itxiera atzeratzea. Kanpaina eskasa ari da izaten bizkaitarrentzat
Atzo gauerdian barik, datorren martitzenean itxiko dute, behin-behinean, hegaluzearen arrantzualdia. Arrantzaleek ezustean jaso zuten astelehenean harrapaketak bertan behera lagatzeko agindua, eta azken orduotako kexuek iritzia aldarazi diote Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari.Eguraldi txarra atzean lagata, arrantzale batzuk aste hasieran irten ziren itsasora hegaluzetan, eta euskal kostatik urrun daude: Irlanda hegoaldean eta Frantzia iparraldean. Hiru gasolio tona gastatuta, bi egun eta bi gau beharko lituzkete itzultzeko, ziur jakin gabe kuota gainditu duten ala ez. Argudio horri heldu dio Jaurlaritzak Madrilek atzera egin zezan eta itsasontziak alferrik buelta ez zitezen: «Aurreikuspenak egin, eta gasolioa, jela eta janaria erosita itsasoratu ziren guztiak, pentsatuz aurretik gutxienez hamar egun zituztela arrantzan aritzeko», azaldu du Jaurlaritzaren Arrantza zuzendari Leandro Azkuek.
Kuota banaketa
Bizpahiru hilabeteko kostera izaten da hegaluzearena, eta harrapaketak pixkanaka egiten dira. Jaurlaritzak lau urte daramatza Espainiako Gobernuak hegaluzearen eta antxoaren kuotak erkidegoen artean bana ditzan eskatzen, «hegalabur, txitxarro eta berdelagaz egiten den moduan». Modu horretan, urteko plangintza egin ahalko lukete arrantzaleek. Izan ere, «ezjakintasununean» bizi dira egun.
Lehorreratzeak etenda, harrapatutako kiloak zenbatuko dituzte lehenengo eta bat, Bruselak Espainiari ezarritako kuota iazko bera: 15.500 tona gainditu den egiaztatzeko. Lehen kalkuluen arabera, 10.000 tona lehorreratu dituzte Kantauri itsasoko ontziek, horietatik 5.500 tona euskal arrantzaleek.
Hegaluze kanpainaren orain arteko balorazioa, oro har, «gazi-gozoa» da euskal kofradientzat. Beita bizidun ontziek gipuzkoarrek azken hamarkadako kanpaina onena eduki dute, eta kazan dabiltzanek bizkaitarrek eskasena.
Espeziearen migrazio aldaketek eragin dute alde hori. Atlantikoan ohi baino hegaluze gutxiago ibili da, eta kazan aritzen direnei kalte egin die, normalean hara jotzen dutelako.
Kostatik hurreago aritzen dira ontzi handiak; Bizkaiko Golkoan erraz sartu da hegaluzea, eta lehorretik hurre zer harrapatu eduki dute.