Eguzkik Mijoan ur zikinen sarea ipintzeko eskatu dio Mutrikuko Udalari
Mozioa gaur eztabaidatuko du udalbatzak. Eskaera horrekin udalak Eusko Jaurlaritza estutu dezan nahi dute, proiektua 2017ko aurrekontuetan sartu eta martxan jartzekoEguzki talde ekologistako kideek jakitera eman dutenez, Mijoan ur zikinen sarea ipintze...
Mozioa gaur eztabaidatuko du udalbatzak. Eskaera horrekin udalak Eusko Jaurlaritza estutu dezan nahi dute, proiektua 2017ko aurrekontuetan sartu eta martxan jartzeko
Eguzki talde ekologistako kideek jakitera eman dutenez, Mijoan ur zikinen sarea ipintzeko eskatzen duen mozioa sartu dute Mutrikuko Udalean. «Mozio horretan, Mutrikuko udal ordezkariei eskatu diegu Eusko Jaurlaritza estutzeko Mijoan ur zikinen sarea egin dezaten».Mozioa, hain zuzen ere, gaur 19:00etatik aurrera udaletxean egingo den udalbatzaren ohiko osoko bilkuran eztabaidatuko eta bozkatuko dute, beste hainbat gairekin batera.
Talde ekologistako kideek nabarmendu dutenez, urte asko daramatzate Mijoa errekaren egoera txarra salatzen. «Oso haserre eta nekatuta gaude. Erreka horren egoera gero eta txarragoa dela iruditzen zaigu, eta erakundeek ez dute arazoa konpontzeko ezer egiten. Edozelako isurketak gertatzen dira erreka horretan, batzuk nahi barik eta beste asko nahita».
Isurketa jarraien ondorioz, bertako ekosistema ezin dela biziberritu ere azpimarratu dute. «Bertan bizi diren animaliak gehitzen hasten direnean, beste isurketa bat gertatzen da, eta dena hiltzen du. Baina isurketa horiek ez dituzte errekako animaliak kaltetzen bakarrik. Errekako kiratsak eta usain txarrak San Jeronimo, Pikupe eta Saturrarango bizilagunak ere kaltetzen ditu, inguruetan kalte ekonomikoak ere eraginez».
Datorren urterako
Era berean, Mijoako erreka ur zikinak botatzeko estolderia ere bihurtu dela diote, Saturrarango eta Ondarroako hondartzetako urak ere kaltetuz. «Mijoako erreka bisoi europarraren babeserako plan berezian sartuta dago. Kontraesana da bisoia babestea, eta ostean, bizitzeko behar duen jatekoa kentzea eta kutsatzea. Hainbat erakundek Gipuzkoan 2007-2011 urteetarako plan berezian azpiegitura hidraulikoak eraikitzeko egin zuten akordioak 3 milioi euro aurreikusi zituen Mijoan hobekuntzak egiteko. Orduan, zergatik ateratzen dituzte behin eta berriro aurrekontuetatik Mijoako ur zikinen sareko lanak?».
Plan estrategikoa onartu eta bost urtera lanak ez direla egin ere salatu dute. «Urtarrilean onartutako 2016-2021 urteetarako plan hidrologiko berriak Mijoako ur zikinen sarea egitea aurreikusi du berriro, oraingoan, 3,6 milioiko aurrekontuarekin. Baina lanak hasteko datarik ez dute ipini».
Egoera ikusita, Mijoa errekan egin behar diren ur zikinen sareko lanak Eusko Jaurlaritzak 2017ko aurrekontuetan sartu eta martxan jarri ditzan exijitzeko eskatu dio Mutrikuko Udalari. «2017ko udarako erreka garbi eta bizi bat nahi dugu».
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari, eta bereziki Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailari, URAri, Gipuzkoako Ur Kontsortzioari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ere aurkeztutako eskariaren berri emateko eskatu diote udalari.