Bihartik aurrera martxan egongo da berriro Bermesex zerbitzua
Gaztelekua eta Ludoteko zapatuan hasiko dira martxan
Udako etenaldiaren ostean, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa ematen duen Bermesex zerbitzua bihar [irailak 30] bertan martxan izango da berriro. Bermesex zerbitzua publikoa da, doanekoa eta konfidentziala.
Bariku arratsaldeetan, 16:00etatik 17:30era, eskaintzen da zerbitzua, Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan. Azaldu dutenez, “edozein gazte, senitarteko eta profesionalentzako aurrez-aurreko zerbitzua eskainiko da”. Era berean, profesionalekin koordinatzeko aukera ezberdinak adosteko aukera ere egongo dela diote.
Bermesex zerbitzuko adituak hainbat gairi buruzko informazioa ematen die bertaratutakoei: sexu bidez transmititutako gaixotasunak, antisorgailuak, tabuak, sexu orientazioa…beste askoren artean.
Juan Karlos Agirre Gazteria Saileko zinegotziak azaldu modura, “Bermesex zerbitzuaren bidez, herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie, modu partikularrean ezagutu, onartu eta ezagutu daitezen”. Orientazioa bideratzeko, hiru eredu izaten dituzte kontuan: programa eredua, kontsulta eredua eta teknologia eredua.
Zerbitzuaren telefono zenbakia honakoa da: 644 89 86 61. Posta elektronikoa ere badute edozein galderarako: bermesex@bermeo.eus.
Gaztelekua eta ludoteka ere martxan asteburuan
Era berean, Gaztelekua eta Ludoteka ere zapatutik [urriak 1] aurrera martxan egongo dira.
Barikuan eta zapatuan zabaltzen dute 6 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoen Ludoteka; 17:30etik 20:30era joan daiteke.
12 eta 18 urte bitarteko gazteak batzen ditu, berriz, Gaztelekuak. Zapatuan hasiko dira berriro martxan, eta Gaztelekua ere bariku eta zapatuetan zabaltzen dute, 18:00etatik 21:00etara.