Gernika Bizkaiak Javi Durango memoriala jokatuko du Getxon
Lointek Gernika Bizkaiak III. Javi Durango Memoriala Bizkaia Elite Torneoa jokatuko du. Getxoko Fadura kiroldegian lehiatuko dute txapelketa gaur eta bihar.Talde gernikarragaz batera, Emakumezkoen Ligako beste hiru talde hauek jokatuko dute: IDK Gipuzk...
Talde gernikarragaz batera, Emakumezkoen Ligako beste hiru talde hauek jokatuko dute: IDK Gipuzkoa, Lacturale Araski eta Quesos El Pastor.
Lehenengo partida IDK Gipuzkoaren eta Lacturale Araskiren artekoa izango da. 18:00etan hasita jokatuko dute.
Gero, Lointek Gernika Bizkaiak Quesos El Pastor taldearen kontra lehiatuko du kanporaketa, 20:00etatik aurrera.
Bihar 19:30ean hasiko da finala. Aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute, 17:30etik aurrera.
Azken bi urteetan, Spar Gironak eta Perfumerias Avenidak irabazi dute txapelketa. Horiek aurten ez dutenez parte hartuko Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Gipuzkoa dira irabazteko faboritoak.
Gernikarrek talde sendoa osatu dute, eta ligako bosteko onenetakoa dute. Fitxaketa berri askogaz, hazkunde fasean dago talde gipuzkoarra.
Halaber, Quesos El Pastor talde zamorarrak ere aldaketa asko egin ditu, eta ikusteko dago zelako maila erakutsiko duen.
Bestalde, Araski Emakumezkoen Ligara igo berri da, eta denboraldi honetan mailari eustea izango du helburu.
Denboraldi-aurreko azkena
Emakumezkoen Ligan 2016-2017 denboraldia hasi aurretik ligako lau talde horiek jokatuko duten azken txapelketa da honakoa. Hain zuzen ere, datorren astean jokatuko dituzte lehen bi jardunaldiak.
Lehen jardunaldia etxetik kanpo lehiatuko du talde gernikarrak. Eguaztenean (hilak 28) C.B Al-Qazeres-Extremaduraren kontra jokatuko du, Caceresen (Extremadura, Espainia).
Bigarren jardunaldian, urriko lehen asteburuan, etxeko zaleen aurrean euskal derbia jokatuko dute, Lacturale Araski talde gasteiztarraren kontra.
Emakumezkoen Ligan hirugarren denboraldia beteko du Gernika-Lumoko taldeak aurreko bietan sailkapeneko seigarren amaitu zuen.
Aurtengoan sei euskal jokalari daude taldean, eta horietatik lau dira bizkaitarrak. Kanpotik etorritakoak, berriz, bost jokalari dira.