Urrian hasiko dira konpontzen Nasa, Kaleandi eta Kantoipeko etxeak
Bederatzi urtera hasiko da Jaurlaritza moilako lanek sortutako kalteak konpontzen. Bizilagunek diote benetako kalteak aurrekontuetan jasotakoak baino gehiago direla2007an Eusko Jaurlaritzak Ondarroako moilan egindako lanek Nasa, Kaleandi eta Kantoipe k...
Bederatzi urtera hasiko da Jaurlaritza moilako lanek sortutako kalteak konpontzen. Bizilagunek diote benetako kalteak aurrekontuetan jasotakoak baino gehiago direla
2007an Eusko Jaurlaritzak Ondarroako moilan egindako lanek Nasa, Kaleandi eta Kantoipe kaleetako etxe eta etxebizitzetan eragindako kalteak konpontzeko lanei ekitea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.Bizilagunak pozik daude, urte asko pasa eta gero konponketa lanak hasiko direlako. Baina, aldi berean, mesfidantzagaz daudela diote. Gaur-gaurkoz, Jaurlaritza konponketa lanak egiteko lehenengo pausoak ematen hasita dago, eta urrian etxebizitza barruetan hasiko dira lanean.
Kaltetuek HITZAri jakin eragin diotenez, Jaurlaritzak bi enpresa kontratatu ditu lanak egiteko: Zamakoa Eraikuntzak eta Bycam Eraikinak eta Azpiegiturak. «Enpresa batek etxebizitzak barrutik konponduko ditu, eta besteak kanpotik». Eta hain justu, etxebizitzak barrutik konpondu behar dituztenak dira lanean hasita daudenak. «Enpresako teknikari bat eta Jaurlaritzako ordezkari bat etxez etxe dabiltza. Bisita horietan, aurrekontuan jasota duten kalteez gain, obren eraginez ditugun beste kalte batzuk ere jasotzen ari dira». Kaltetuen berbetan, benetako kalteak Jaurlaritzak aurrekontuetan jasota dauzkanak baino «askoz gehiago» dira.
Teknikariak kaltetutako etxebizitza guztietatik pasatu eta gero, dena ordenatu eta lanean hasiko direla jakitera eman dute kaltetuek. Almudena Ruiz de Angulo Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak ere hori baieztatu diela diote. «Lau hilabeteko epean lanak amaituta egongo direla esan zigun Ruiz de Angulok. Dena dela, konponketak egin behar dituen enpresako teknikariak denbora gehiago beharko dutela esan digu».
Amua ezpainean
Kaltetuek azaldu dutenez, jakin badakite kalteak konponduko duten enpresako langileek lanak ondo egingo dituztela. «Horretaz ziur gaude. Gure mesfidantza Jaurlaritzarenganako da. Izan ere, atzera begiratuta, hutsegite asko egin ditu administrazioak».
Barkamenak ere eskatu dizkiete, baina, hala eta guztiz ere, kaltetuek «amua ezpainean» dutela diote. «Kalte guztiak konponduko dizkigutela esan digute. Baina, noski, hori ez daukagu idatziz jasota, ahoz esan digute, eta ez dakigu ziur den-dena konponduko diguten edo bakarrik aurrekontuetan jasota daukatena». Jaurlaritzako ordezkariek esan diete kalteak obrek eragindakoak balira, konpondu egingo lituzketela. «Hori, baina, ahoz esan digute, ez idatziz».
Etxebizitza batzuetan, gainera, sukaldeak eta bainugelak bota eta guztiz berritu beharko direla diote. «Eta, noski, kasu horietan, bizilagunek etxebizitzatik irten ere egin beharko dute. Baina hori ez dago aurrekontuetan aurreikusita. Horregatik diogu ez garela guztiz fidatzen».
Mesfidantza horren adierazle etxeen oinarriekin gertatutakoa dela diote. «Guk behin eta berriz esaten genien oinarriak mugitu egiten zirela, eta ezetz esaten ziguten. Azkenean, argazkiak aterata eta, lortu genuen etxeen oinarriak indartzea. Baina hasiera batean dirua eman nahi ziguten, eta kitto».
Dena dela, kaltetuek pozik daudela diote: «Bazen garaia».