Mugak gainditzen dituzten motxilak
Mutrikuko Zabiel Eskulan Taldeko kideek Hotz Oñati plataformaren Motxila Solidarioa egitasmoan hartu dute parteHotz Oñati plataformak sortutako Motxila Solidarioa egitasmoarekin bat egin du Mutrikuko Zabiel Eskulan Taldeak. Kanpaina horren barruan, u...
Mutrikuko Zabiel Eskulan Taldeko kideek Hotz Oñati plataformaren Motxila Solidarioa egitasmoan hartu dute parte
Hotz Oñati plataformak sortutako Motxila Solidarioa egitasmoarekin bat egin du Mutrikuko Zabiel Eskulan Taldeak. Kanpaina horren barruan, udaberrian eskulan tailerrekoek egindako artilezko lepokoak eta txanoak bidali dituzte.Motxila bakoitzak barruan eraman beharreko materialaren artean, negurako arropa (eskularruak, lepokoa eta txanoa) eskatzen zuten, eta eskulan taldeko kideak eginkizun horretan laguntzen aritu dira.
Joan den barikuan etorri ziren Hotz Oñatiko kideak materialaren bila, eta talde mutrikuarreko arduradunek zehaztu dutenez, 700 bat pieza jaso zituzten.
Greziarako bidea
Plataforma oñatiarrak sortutako egitasmoak gerratik ihesean dabiltzan haurrentzako eskolarako motxila solidarioak prestatu ditu. Batutako material guztia gaur bidaliko dute Grezia aldea, eta ondoren, hango errefuxiatuen kanpalekuetako eskoletan banatuko da, Dandelion GKEaren bitartez.
Plataformak 500 motxila inguru prestatzea espero bazuen ere, helburu guztiak gaindituta, 1.200 motxila bidaliko dituztela jakitera eman du.