Rock kontzertuekin amaituko dituzte Santa Eufemi jaiak
Habeas Corpus, Porco Bravo, Sarkor eta Las Tea Partyren zuzenekoek jarriko dute giroa plazan. Urteroko ohiturari jarraituz, Urregaraiko zelaira igo dira aulestiarrakUrregaraiko zelaitik herrigunera jaitsiko da festa giroa datorren barikuan. Ekitaldiz b...
Habeas Corpus, Porco Bravo, Sarkor eta Las Tea Partyren zuzenekoek jarriko dute giroa plazan. Urteroko ohiturari jarraituz, Urregaraiko zelaira igo dira aulestiarrak
Urregaraiko zelaitik herrigunera jaitsiko da festa giroa datorren barikuan. Ekitaldiz betetako egunen ostean, rock kontzertuek emango diete amaiera Santa Eufemi jaiei.Madrilgo Habeas Corpus, Barakaldoko Porco Bravo eta Gernika-Lumoko Sarkor taldeen kontzertuen ostean, Bilboko Las Tea Partyrekin hainbat orduz luzatuko da zuzeneko musika eskaintza. Hori guztiori doan, 22:00etatik aurrera.
Kontzertuetara joateko, gainera, Gababusa egongo da Lea-Artibaiko herri guztietatik, bai joateko bai eta etxera itzultzeko ere. Betiko modura, txartelak udaletxeetan eskuratu ahal dira.
Giro ona goian
Santa Eufemi egunean bertan eta domekan, errepikapen egunean baino eguraldi hobea espero da barikurako. Izan ere, jaietako lehen egun bietan euria egin du tarteka. Hala ere, nahiz eta beste urte batzuetako jendetzarik ez den egon, asko izan dira urteroko ohiturari jarraituz mendian gora egin dutenak Santa Eufemi ospatzeko.
Antolatzaileek, gainera, egokitu egin zuten Urregarai zelaiko jaigunea, joan zirenentzat erosoago izateko. Horrela, euria denean beheko aldean sortzen den basa ekidin nahian, taberna bolatokiaren parean jarri eta agertokia goiko zelaira eraman zuten, erromeria ere bertan egin ahal izateko.
Horrela, goiko landan egon da aurten giroa, batez ere. Jaietara ostera eginda, mokadutxoa hartu eta urteroko ekitaldiekin gozatu dute aulestiarrek zein inguruko herrietako jai zaleek.
Santa Eufemi igoera izan zen, esate baterako, domeka eguerdiko hitzordu garrantzitsuetako bat. 33 korrikalarik parte hartu dute aurten, 36 urte bete dituen mendi lasterketan: 7 emakumek eta 26 gizonezkok. Irabazleak, biak durangarrak, Ekaitz Kortazar gizonezkoetan eta June Arbeo emakumeetan. 04:15 denboran igo zuen Kortazarrek, eta 05:41 denboran Arbeok.
Aulestiar bat ere aurrean ibili zen. Igor Urionabarrenetxeak laugarren postua eskuratu zuen, 04:36 denbora eginez. Bestalde, emakumeetan Santa Eufemin gora egin zuen eskualdeko lehenengoa Aiora Agirregomezkorta markina-xemeindarra izan zen.
Bolatokia beteta
Batzuek mendian gora aringa-aringa egiten zuten bitartean, irrintziak botatzen aritu ziren inguruetako hamar irrintzilari. Euren artean irrintzirik onena Nerea Foruriarena izan zela erabaki zuen epaimahaiak. Zeinkekoaren ondoren geratu ziren Nerea Agirre aulestiarra eta Naiara Plaza berriatuarra, bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren.
Bolatokia ere zaletu askoren bilgune izan zen. Bolo txapelketa jokatu zen arratsaldean, eta Esteibar eta Obietaren erromeriak girotu zuen zelaia, ondoren.
Euskal presoen aldeko zozketako zenbaki saritua ere atera zuten, 1.430 zenbakia. Eta berehala agertu zen Itziar Aspiazu irabazlea jasotzera.
Aulestiko plazan jarraitu zuen dantzak ostean, Liskerren erromeriagaz. Plaza hori bera beteko dute barikuan rockzaleek.