Zaharren egoitzetako langileek bi asteko greba hasiko dute bihar
ELA sindikatuak deituta, Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek greba egingo dute irailaren 21etik urriaren 4a bitartean. Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak %60tik %80ra igo ditu azken egun hauetan; sindikatuak auzietara joko duela iragarri du, langile gehienen grebarako eskubidea galarazten duela argudiatuta.
Sindikatuek eta langileek honako eskaerak plazaratu dituzte: 1.200 euroko gutxieneko soldata; momentu honetan, langileek bataz beste 1.000 eta 1.100 euroko soldatak dituzte. Urtean 1592 orduko lan jardunaldiak, orain egiten dituzten 1698 orduen ordez; astean 35 lanordu lortu nahi dituzte sektorean. Baja egoerak ere hobetzea eskatzen dute, lizentziak eta baimenak bermatzea, eta lan-kargen eta ratioak hobetzea, eta hitzartuko den guztia bermatzea.
Deialdi hau, martxoan eta uztailean egin zituzten hamazortzi greba egunei gehitzen zaizkie. Deialdi honek sektorean jarraipen zabala izan zutela adierazi dute ELA sindikatutik; azken geldialdiek jarraipen totala izan zuten, Bizkaiko 30 egoitza nagusienen %75ean.
Lan hitzarmen barik
Mobilizazioak lan hitzarmena salatzeko hasi ziren. Patronalak itun berrian, berez txarrak ziren baldintzak, are txarragoak bilakatu nahi zituztela salatu dute sindikatuko kideek. Langileak eta patronala maiatzean bildu ziren azkenekoz, baina sindikatutik adierazi dute ez zutela ezer konkretua, beraz negoziazioak geldituta daude.
“Patronalak gehiago arduratzen dira plazako prezioa igotzen, aldundiak laster berraztertuko baititu, eta norgehiagoka ari dira, ea zeinek handiagotzen duen bere plaza-kopurua, Aldundiak diruz lagundutako plazak alegia”, adierazi dute ELAkoek. “Horretarako zenbait egoitza gutxieneko zerbitzurik gabe uzten ari dira”, esan dute.