San Inazioko kaltetuek larrialdi egoera mantentzeko eskatu dute
40-46 atarietako kaltetuen iritziz, larritasun maila gutxituz gero, lanak merketu ordez garestitu egingo lirateke. Lanek etengabe jarraituko dutela bermatzeko ere eskatu duteKamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldeari larri...
40-46 atarietako kaltetuen iritziz, larritasun maila gutxituz gero, lanak merketu ordez garestitu egingo lirateke. Lanek etengabe jarraituko dutela bermatzeko ere eskatu dute
Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldeari larrialdi egoera mantentzeko eskatu diote Ondarroako San Inazio kaleko 40-46 atarietako kaltetuek. Nabarmendu dutenez, arriskuak oraindik ere euren etxeen gainean jarraitzen du. «Gure atzeko mendiko lanak nola ordaindu aztertzen ari diren politikariak (udaleko, Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariak) datozen egunotan erabakia hartzekotan omen dabiltza. Dirudienez, lanak larrialdikoak izendatzetik urgentziazkoak izendatzera jauzia emango dute».Salatu dutenez, erabaki politiko horren jatorria ekonomikoa dela uste dute. «Lanak urgentziazkoak izanda, berez, merkeagoak izaten dira dirutan».
Baina, euren iritziz, egoera aldatuz gero, lanak merketu ordez, garestitzea ekar lezake. Erabaki hori hartzen bada, gainera, lanak gelditzeko beldur direla azpimarratu dute. «Lanak gelditzeko arriskua dago, eta ez dakigu berriro noiz hasiko liratekeen. Orain arte mendian lanean ari diren enpresak eta langileak etxera bidaliko lituzkete eta lanak eten, urgentziazko lanak egiteko dirua udalaren esku jarri artean».
Kaltetuek azpimarratu dutenez, mendiaren egoera aztertzen duten teknikariek argi adierazi diete lanekin jarraitzea berebizikoa dela, euren etxeak babesik barik ez lagatzeko. «Mendiari kendu beharreko tona gehienak kenduta, badira luzatu ezin diren zereginak. Segurtasuna eta irizpide teknikoak kontuan hartuz, mendiari eustea eta egiturak kalterik izan ez dezan gure etxeetara eroritako tonak kentzea, esaterako».
Gainkarga, areagotzen
Argi utzi dutenez, arrisku maila jaisteak euren etxeen gaineko arriskua handitu egingo luke, eta, ondorioz, egin beharreko lanak luzatu. Hurrengo hilabeteetako euria eginez gero, kalte handiagoak sor daitezkeela deritzote, etxeen egituraren gainkarga areagotuz. «Lanak eteteak, edo luzatzeak, familion arazoak areagotuko lituzke, gainera. Besteak bete, ordezko etxeetan bizitzeak dakarzkigun gastuak pilatuko lirateke. Izan ere, gure etxebizitzen hipotekez gain, ordezko etxebizitzen alokairu gastuak ordaindu behar ditugu».
Arrazoi horien guztiengatik, Kamiñaldeko mendi magalaren gaia daraman lantaldeari larrialdi egoera mantentzeko eta mendiko lanek etenik gabe jarraituko dutela bermatzeko eskatu nahi diote. «Bost hilabete beranduago lanean hasi den erakundeen arteko taldeak ez dezala mendiko lanen martxan eragin. Alderdietako interes politikoak albo batera utzi, eta aurrera egiteko eskatzen diegu, arriskuak saihesteko».
Egoeragaz kezkatuta, San Inazio kaleko 40-46 atarietako kaltetuek euren etxebizitzetako kalteak bertatik bertara erakustea erabaki dute. Hain zuzen ere, zapatuan komunikabideek 40C eta 42A atarietako hainbat etxebizitzetan eta garajeetan sartzeko aukera izan zuten.
Kalteak nabarmenak dira, eta kasu batzuetan, mendia etxe barruraino ere sartu da. 40C atariko 1C etxebitzan, esate baterako, alabaren logela zena txikituta dago. Gorka Ruiz eta bere familiaren etxean metro bat luzera eta beste horrenbesteko zabalera duen harritzar batek logelako horma zeharo hautsi du, eta, beragaz batera, beste hainbat harri ere sartu dira etxe barruraino.
Alabaren logela zena ez eze, komuna eta bikotearen logela ere zeharo apurtuta daude. «Imaginatu zenbat harri erori den, komuneko atea ezin dugula ireki ere egin», azaldu du Ruizek. Azpimarratu duenez, aurreko astean egindako bisitan antzeman zituzten kalterik handienak.
Egoeragaz kezkatuta
Egoeragaz kezkatuta dagoela adierazi du, eta oraindik ere ikusitakoa ezin sinetsita dagoela dio. «Hasiera batean alabaren leihoko kristal bat bakarrik zegoen apurtuta, baina aurreko zapatuan [irailak 10] sartu ginenean, panorama honegaz topo egin genuen. Harriak horma guztia zulatu du, eta inguruko guztia apurtu. Ikusitakoa eta gero, dardaraka geratu nintzen».
Ruizen goiko etxebizitzan ere kalteak handiak dira. Logela bateko atea guztiz txikituta dago, eta harrien pisuak arrakalak eragin ditu horman, esaterako. «Azkenengoz sartu ginenean, ez nuen etxe barruan kalterik, baina zapatuan [irailak 10] sartu nintzenean, ostera, kalteak bestelakoak zirela ikusi ahal izan nuen. Indar handiz erori dira harriak, eta horrek kalteak areagotu ditu», azaldu du Gorka Diez 2Cko bizilagunak.
Bertatik, gainera, mendiak eragin dituen kalteak ondo baino hobeto ikus daitezke; panorama, egia esan, beldurgarria da. Hainbat harritzar eta menditik eroritako lurra pilatuta ikus daitezke lehenengo pisuetako terrazetan. Ez hori bakarrik, Kamiñalderantz zihoan hesiaren aurka elkar pilatuta daude lurra eta harriak, eta karga hori edozein momentutan jausteko prest dagoela atzeman daiteke. «Mendia gainera datorrela ematen du», adierazi du kezkatuta beste bizilagun batek.
Hezetasuna gehitzen
Idoia Gerenabarrena eta familiaren etxebizitzan ere kalteak handiak dira. 42A atariko lehen solairuan bizi zen familia, eta bikotearen logelara beste harritzar handi bat sartu dela ikus daiteke. Ia bi metro inguruko harriak lur jausiaren lehen egunetan eragin zituen kalteak. Logelako horma guztia ia apurtuta dago, eta hormako zirrikitutik hainbat harri ere sartu dira. «Hasieratik sartu zen harria logelara, baina ordutik hona kalteak gehitu egin dira. Teknikoek horma batesteko egur xaflak ipini zituzten, eta horiek ere apurtu egin dira».
Hormarik ez dagoenez, kalteak bestelakoak ere badirela dio Gerenabarrenak. «Etxean hezetasun gehiago dagoela nabari da». Hain zuzen ere, euren etxebizitzak egurats zabalera luze egoteak ere kezkatzen ditu bizilagunak. Hezetasunak kalteak areagotuko dituela diote.
42A atarian, gainera, beste hainbat kalte ere eragin ditu lurjausiak. Lehenengo solairutik bigarrenera igotzeko eskaileretan harriak erori dira, eta hortaz, ezin da bertotik igaro. Bigarren solairuan erori diren harrien pisuari eusteko, gainera, zutoinez eutsita dago solairuaren zatietako bat.
Etxe tarteko solairuetan ez eze, garajetako sabaia eusteko beste hainbat zutoin ere ipini dituzte, badaezpada. Zutoin horiek, hain zuzen ere, 42A eta 40C atarietako terrazen azpian jarri dituzte.
42B atarian ere kalteak handiak dira. Eskaileren egitura kaltetuta dago, esaterako. Leihotik sartutako harriek apurtu egin dute, hirugarren solairuaren parean. «Martxoko lehen lur jausiek kaltetu zuten eskaileraren egitura», dio Asier Bergara bizilagunak.