Liga irabazita, denboraldi amaiera borobila lortu du Urdaibaik
Talde bermeotarra ligako azken bi jardunaldietan nagusitu da. 216 puntu batu ditu ligako txapeldunak, eta lau puntu gutxiago HondarribiakAzken bi asteburuetan Kontxa eta TKE liga irabazita, talde sendoa dela erakutsi du Urdaibaik. Azken bi jardunaldie...
Talde bermeotarra ligako azken bi jardunaldietan nagusitu da. 216 puntu batu ditu ligako txapeldunak, eta lau puntu gutxiago Hondarribiak
Azken bi asteburuetan Kontxa eta TKE liga irabazita, talde sendoa dela erakutsi du Urdaibaik. Azken bi jardunaldietako garaipenekin, lau puntuko aldea atera dio Hondarribiari.Behetik gora etorri da Urdaibai; talde hondarribitarrak indartsu hasi zuen liga, baina Bermeokoek zertarako gai diren erakutsi dute. Azkenean, biek ala biek bederatzina bandera lortu dituzte, eta San Juanek bakarra.
Erregulartasunak saria izan du azkenean, eta Kontxako bandera eta TKE ligaren koroa Bermeora ekartzea lortu dute.
Liga gori-gori egon da azken momentura arte. Zapatuan etxean, eta domekan Portugaleten, giro itzela izan zuten arraun zaleek, eta emozioz beterik bizi izan zituzten bi estropadak.
Urdaibaik 19.47.32eko denbora markatu zuen herenegun. Zazpi segundora sailkatu zen Hondarribia. Kaikugaz eta San Juanegaz, Ohorezko Txandan atera ziren ligako bi oilarrak. Bou Bizkaia eta Ama Guadalupekoa pare-parean ziren estropada hasieran, baina azkenerako Bermeoko taldeak 2-3 segundoko errenta lortu zuen.
Harrera beroa
Jai giroan, eguerdian heldu ziren klubeko kideak eta zaleak Portugaletetik Bermeora. Kasinoan bazkaldu, eta jaiak ez zuen etenik izan. Jendetza batu zen Lameran, eta mahonez bete zuten plaza. Merezitako harrera eta egindako lana eskertzeko omenaldi inprobisatua egin zizkieten arraunlariei. Horiek eta zaleek, giro ezin hobean ospatu zuten bosgarren liga garaipena. Gainera, bosgarrena izanda, koroa Bermeon gordeko dute aurrerantzean. Arraunlariek banan-banan astindu zuten bandera Kasinoko balkoian, zaleen oihu eta txalo artean.
Klubeko ordekzari Izortz Zabalak talde osoaren lana goraipatu zuen. Bereziki gogoan izan zituen traineruko bermeotarrak: Mikel Ojeda eta Iker Zabala. «Bermeotarrak behar ditugu traineruan, gaztetatik hasi behar dira neska-mutilak arraunean. Ea laguntzen diegun herriko gazteei arraunean egiten, horiek etorkizuna emango digutelako».
Jon Salsamendi entrenatzaileak aurreko igandean esandakoa ekarri zuen gogora: «Esan genuen saiatuko ginela azken astea gure indarrarekin ahalik eta hoberen prestatzen, ahalegin guztia egingo genuela bi estropada hauek irabazteko, eta hemen daukagun koroa zuei eskaintzeko».
Gaineratu zuen Bermeok gordeko duen koroa ez dela bakarrik gaur egungo klubeko arraunlari eta kideena. Klubak irabazi dituen bost liga horietan taldean izandakoak gogora ekarri zituen, eta haiena ere badela nabarmendu zuen. Bereziki Patxi Bilbao bermeotarra izan zuen gogoan, hark bi liga garaipen lortu zituelako taldeagaz. «Hau Bermeorena da, ez gaur arraun egin dugunona bakarrik. Bost liga hauek irabazi dituzten arraunlari, entrenatzaile, lantalde guztiena da… eta zaleena».