«Esperientzia, motibazioa eta kalitatea dira gure oinarriak»
Zer eskaintzen du euskaltegiak 2016-2017 ikasturterako?Gure eskaintza ahalik eta zabalena da; hasi A1 mailatik C2 mailaraino. Klaseak goizez zein arratsaldez ematen ditugu, jendearen eskaera ahalik eta ondoen betetzeko. Egunean bi ordu eta erdiko saioa...
Gure eskaintza ahalik eta zabalena da; hasi A1 mailatik C2 mailaraino. Klaseak goizez zein arratsaldez ematen ditugu, jendearen eskaera ahalik eta ondoen betetzeko. Egunean bi ordu eta erdiko saioak izaten dira, astelehenetik eguenera, urritik ekaina bitartean.
Aparteko eskaintzak ere baditu euskaltegiak.
Bai, Aisa ikastaroa eskaintzen dugu etorkinentzat. Euskarara hurbiltzeko ikastaroa da, 60 ordukoa. Institutuko ikasleentzako ikastaroa ere bada, C1 maila prestatzeko.
Horiez gain, eskola presentzialak hartu ezin duituztenentzat autoikaskuntza sistema dugu. Internet bidez egiten da, eta ikasleak, bere aldetik, astean zehar 5-6 orduko lan autonomoa egin behar du etxean. Gero, astean behin, tutorearekin 15 minutuko tutoria, eta talde txikietan ordubeteko mintza saioa egiten dituzte. Azken horiek presentzialak dira.
Aurreko ikasturteak datu onak utzi dizkio euskaltegiari. Formula berezirik al duzue irakasteko?
Esperientzia, motibazioa eta kalitatea dira gure pedagogiaren oinarriak. Bestalde, ikasleen taldeak txikiak izaten dira; beraz, laguntza pertsonalizatua ere ematen dugu.
Etorkinak diren ikasleen kopuruak gora egin du azken ikasturteetan.
Bai, eta jatorri ezberdinekoak dira. Iaz talde arruntetan ere izan genituen ikasleak, eta ondo moldatzen dira. Aurten, aurrematrikulazioan ere igarri dugu. Doantasun horrek ere laguntzen du.
Matrikula doan dute horiek. Besteek?
Gernika-Lumon erroldatuta dauden etorkinek ez ezik, langabetuek, oinarrizko errenta jasotzen dutenek, kategoria bereziko familia ugariek eta gutxienez %33ko ezintasuna dutenek doan dute. Gero, familia ugari arruntek matrikularen erdia ordaindu behar dute. Horrez gain, asistentziagatik ere laguntza eskatzeko aukera dute herrian erroldatuta daudenek. Euskara sailak ere laguntzak ematen ditu.
Bestalde, azterketa gainditzen duten ikasleek diru laguntza jasotzeko bideak dituzte. HABEk edozein maila gainditzearren ematen du. Bestalde, aurten, lehenengoz, aldundiak ‘Euskara eskura’ txartela atera du. A1, A2 eta B1 mailak gaindituz gero, hurrengo ikasturteko matrikula zati bat ordaintzeko bonoa emango du.