Autogobernua handitzeko aukera bakarra EAJ dela uste du Josu Erkorekak
Bizkaiko zerrendaburu dena Gernika-Lumon, Bermeon eta Lekeition izan da asteburuan. Gobernu «sendo eta egonkorra» eratzeko, herritarren botoa eskatu du bermeotarrakGernika-Lumon, Bermeon eta Lekeition egindako ekitaldietan izan da EAJren Bizkaiko zer...
Bizkaiko zerrendaburu dena Gernika-Lumon, Bermeon eta Lekeition izan da asteburuan. Gobernu «sendo eta egonkorra» eratzeko, herritarren botoa eskatu du bermeotarrak
Gernika-Lumon, Bermeon eta Lekeition egindako ekitaldietan izan da EAJren Bizkaiko zerrendaburu Josu Erkoreka. Barikuan, Gernikako udaletxeko arkupeetan bildu zen jendearen aurrean hitza hartu zuen Bizkaiko zerrendaburua denak, eta hiru ideia nagusiren inguruan aritu zen: konpromisoa, autogobernua eta etorkizuna.Bermeotarraren esanetan, EAJ da azken legealdian bere konpromisoak bete dituen alderdi bakarra. Urkulluren agintaldian, duela lau urte agindutako neurri denak bete dituztela esan zuen: «Urkulluk bere programa bete du. 14 plan estrategiko aurkeztu ditu, 44 plan departamental, 650 ekimen konkretu eta 29 lege proiektu eraman ditu Legebiltzarrera».
Autogobernuari dagokionez, EAJren altxorrik handiena dela aipatu zuen, eta berau handitzeko aukera bakarra bere alderdia dela. Gainera, autogobernua etorkizuna eraikitzeko erabili behar dela uste du Erkorekak; «tresna» bat izan behar dela gizarte politiketan aurrera egiteko, «euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko eta gizarte justuago bat lortzeko».
«Bide onetik»
Horren harira esan zuen, bai Gernikan eta baita zapatuan Lekeition ere, Gobernu sendoa behar dela: «Boteren zentralaren zapalketen aurrean planto egingo duena, arduratsua eta konprometitua. Lankidetza politiko, instituzional eta publiko-pribatura irekita egongo den Gobernua».
Espainiaren birzentralizazioa salatu du Erkorekak leku batean, zein besteetan, eta Rajoyren politika kritikatu. Rajoyrekin gauzak okerrera joan direla esan zuen bermeotarrak, eta Legebiltzarrak onartutako dena errekurritu egin duela: «Udal legea, adikzioen legea, astean 35 orduko lanaldien legea, Ertzaintzaren Lanpostu Eskaintza Publikoak…» Horiez gain, PPk berak Eusko Legebiltzarrean babestu zituen legeak ere errekurritu dituela nabarmendu zuen.
Dena den, azken lau urteetako emaitzak ere azpimarratu ditu zerrendaburuak, eta EAJk «etxeko lanak» ondo egin dituela esan. «Euskadi ez dago txarto» esan zuen; «txarto ez egoteak esan gura du zulotik ateratzen gabiltzala, bidean gabiltzala eta bide onetik goazela».
Bermeoko mitinean Aritz Abaroak ere hitz egin zuen. Inkesten datuak errealitate bihurtzeko eskatu zuen bermeotarrak.
Gernika-Lumoko ekitaldian Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak ere hitz hartu du zuen. Urkulluk bere programan 1.800 neurri batu dituela aipatu zuen, eta programa hori betetzeko konpromisoa nabarmendu.
Lekeition, Atutxa eta Koldo Goitia alkatea izan zituen Erkorekak ondoan.