Estatutua berritu, eskumenak eta eskubideak aitortzeko. Hori da PSEko hautagaiak gaur, Gernika-Lumoko Juntetxean agindu duena. PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezen babesarekin izan da gaur lehendakarigaia Gernikan. “Barne akordio zabalak” eskaini ditu, baina Espainiarekin lanean. “Euskal gizartea XXI. mendera eramatea dut helburu”–esan du–. “Horretarako, txarto dagoena zuzendu eta batzen gaituena indartuko dugu”.
Patxi Lopez, Jose Antonio Pastor, Odol Elorza, Denis ITxaso… Aurpegi ezagunak izan ditu gaur ondoan Idoia Mendiak, eta horien aurrean esan du ‘Euskal Bideaz’ harro dagoela. “Gure zergei buruz erabakitzeko eskubidea dugu, hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko, osasun arlokoari dagozkienak… Herritarrak dira gure bidea markatzen dutenak”, aipatu du Mendiak. Eta horren harira esan du, ez dutela inoren eredua jarritzeko beharrik, Eskozia edota Katalunia aipatuta, besteak beste. “Eskubide eta askatasun gehiago eskatuko dugu”, gaineratu du.
Eta autogobernuaren diskurtsoari helduta, Mendiak “argitasuna” eskatu die gainontzeko alderdiei. “Zer den proposatzen dutena, hori jakin nahi dugu, argi esan dezatela. Erabakitzeko eskubidearen aurrean, nik jakiteko eskubidea aldarrikatzen dut”. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos aipatu ditu PSEren lehendakarigaiak, eta azken horri buruz aipatu du ozen esan duela abertzalea dela. “Herritarrek eskubidea dute jakiteko hauteskundeen hurrengo egunean zer egiteko asmoa duten, nola jardungo duten”. Hala, independentzia asmoa duten alderdiei argi esan dezatela eskatu die Mendiak gaurko agerraldian; “nik autogobernua defendatuko dut, zatiketa baztertzeko.; desberdintasunean eskubide berdinak ditugula aldarrikatzeko”.
Gernikako Estatutua ere izan du hizpide, eta esan du inoiz baino sendoago dagoela. berau defendatzeko eta horren gainean, akordioetara heltzeko asmoa agertu du.
Mendiaren ostean, Pedro Sanchezek hartu du hitza. Haren esanetan, Idoia Mendiak autogobernua hobetzeko konpromisoa ere erakutsi du. Euskal estatutuaren muina Espainia eta Euskadiren arteko bizikidetza dela adierazi du PSOEko idazkari nagusiak, eta alderdi sozialistak bultzatzen duen estatu federalari erreferentzia eginez, bizikidetzaa arazoak konpontzearen beharra azaldu du. “Elkarrekin etorkizun bat eraiki behar dugu, Espainia federal batean eta hiritar denen berdintasunean oinarrituta”, aipatu du.
Gaur, Gernikara, euskal herritarrekin bat egitera etorri dela esan du Sanchezek, “autogobernua handitzeko nahiekin bat egitera etorri naiz. Eta hona etorri naiz baita, zuek nirekin Espainiara eramateko; han zuen zain daudelako, jakin badakigulako behar zaituztegula gu geu izaten jarraitzeko. Elkarrekin aurrera egiteko bidaia bat da”.
Mendiarentzat botoa eskatuz, euskaraz hitz batzuk irakurriz amaitu du Sanchezek berbaldia.