Xixiliri agur esateko unea iritsi zaie bermeotarrei
Santa Eufemia eguna da gaur, eta urtero legez, baserri giroko azoka egongo da 10:00etatik aurrera, Lameran. Xixili barik, festa giroan jarraituko dute biharBaserri giroan amaitzen dute urtero Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bermeotarrek, eta Xixilir...
Santa Eufemia eguna da gaur, eta urtero legez, baserri giroko azoka egongo da 10:00etatik aurrera, Lameran. Xixili barik, festa giroan jarraituko dute bihar
Baserri giroan amaitzen dute urtero Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bermeotarrek, eta Xixiliri gauean agur esan aurretik, hala egingo dute gaur ere. 10:00etatik aurrera, beraz, hainbat produktu dastatu eta erosi ahalko dira Lameran.Ordu berean hasiko da IV. oiloen erakusketa, eta euskal oiloaren Bizkaiko txapelketa ere jokatuko da. Iaz egin modura, bestalde, abereen erakusketa egongo da Taraskan.
Santa Eufemia eguna, jai eguna dute Gaztelun. Bermeoko udalbatza ere hara bertaratzen da urtero, bai eta txistulariak eta Bermeoko Erraldoien Konpartsa ere. Omenaldirako tartea ere hartuko dute, 12:30ean; aurten, Ageda Bilbao omenduko dute. Bera da Santa Eufemia eguneko azokan parte hartzen duen bermeotar beteranoena.
Ondoren, urtero legez, balkoitik balkoira ariko dira bertsotan Iratxe Ibarra, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita.
Batel estropadak
15:00etan hasita, berriz, euskal errepresaliatuen aldeko XI. Elkartasun batel estropada egingo dute. Parte hartu gura duten horiek arraun elkarte aurrean eman ahalko dute izena, edo eta xielkartasunbatelestropada@gmail.com-era idatzita. Batel bakoitzeko 4 parte hartzailek eman beharko dute izena, eta patroia antolakuntzak jarriko du. Ondoren, sari banaketa egingo dute, eta merienda ere banatuko dute. Azaldu dutenez, mozorro onena daroan batelarentzako sari berezia egongo da.
22:00etan hasiko dira jaiak agurtzen, ordu horretan Goiko plazatik hasiko baita Xixiliren doluzko ibilbidea. Herritarrak datorren urtera arte agurtu ondoren, su emango diote olatu horman. Ondoren Zaragozana pirotekniaren suzirien erakustaldiaz gozatu ahalko dute bermeotarrek. Nahiz eta Xixiliri agur esan, goizaldera arte dantza egiten jarraitu ahalko dute; lehenengo, Las Tea Partyrekin Lameran, eta gero, Makatz Sound Systerren musikagaz txosnetan.
Egun bat luzatu
Jaietako protagonista barik, baina, biharkoan jai giroan jarraituko dute kostaldeko herrian. Txosna Batzordeak antolatutako kamiseta azokaz gain, olinpiaden azken proba ere lehiatuko dute, 12:00etan hasita.
Eguerdian, berriz, herri bazkarian bilduko dira, eta 15:00etatik aurrera, Elektromatxino elektrotxaranga ibiliko da kalejiran.
Arratsaldean, portura mugituko da giroa; Bermeo Hiriko ikurrina izango da jokoan. Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, olatu horma ezean, herritarrek zein bisitariek Erroxape kaia (Xixili eskultura dagoen kaia) erabili ahalko dute zapatuan, estropada ikusteko. Kai horrek jendea hartzeko duen gaitasuna, baina, ez dela olatu hormaren modukoa nabarmendu gura izan dute. Horregatik, kaia jendez betetzen baldin bada, sarrera itxi egingo dute.
Gauean, kontzertuak egongo dira Lameran.
Eguraldiak baldintzatuta
Euriak asko baldintzatu du asteongo egitaraua; zenbait jarduera bertan behera geratu dira, txosnetako zenbait kontzertu edo atzoko itsasoko eguna, esaterako. Beste batzuk, ordea, lekuz aldatu behar izan dituzte; umeentzako puzgarriak eta tailerrak, adibidez, kalean barik frontoian edo Gizarte eta Kultura Etxean egin behar izan dituzte.
Atzo, berriz, azken ordura arte zain egon ziren nagusien danborradako parte hartzaileak. Ordubete itxaron zuten San Frantzisko herri ikastetxean, ez zuenez atertu bertan behera utzi zuten.