«Momentu honetan nire lekua WorldTourrean dago»
Espainiako Vuelta amaitu berri, Pello Bilbao denboraldiko azkenengo probak ari da prestatzen, hurrengo urtean egon daitezkeen aldaketei begirik kendu barik.Duela egun batzuk amaitu zen Espainiako Vuelta, parte hartu duzun hirugarrena. Nola ikusi duzu z...
Espainiako Vuelta amaitu berri, Pello Bilbao denboraldiko azkenengo probak ari da prestatzen, hurrengo urtean egon daitezkeen aldaketei begirik kendu barik.
Duela egun batzuk amaitu zen Espainiako Vuelta, parte hartu duzun hirugarrena. Nola ikusi duzu zure burua?Gorabehera batzuk egon dira, nahikoa eskas hasi nintzen, arazo asko, erorikoak… Orokorrean, talde osoak zorte eskasa izan du hasieran. Gainera, tentsio handiko lasterketa izan da. Gauza asko daude jokoan, eta sailkapen orokorra ez dago oso definituta. Beraz, jende askok aukerak ikusten ditu aurrera egiteko. Hasierako asteak normalean urduriago bizi ditugu, jendea bere lekuan kokatu eta indarrak apur bat baretu arte. Banekien oso prestatuta nihoala, eta entrenamenduetan zenbaki onekin nenbilela. Baina ez nituen lan horren emaitzak ikusi, beraz, lehen astea nahikoa gogorra egin zitzaidan zentzu horretan. Dena den, ez nuen itxaropenik galdu. Gero, lehenengo atseden egunetik aurrera, beste gorputzaldi bategaz egon naiz.
Bilbon amaitu zen etapan sasoiko zeunden, beraz!
Bai, Bilboko etapa hori konfiantzagaz hasi nuen, eta aukerak ikusten nituen etaparen azken zatian. Bestalde, etxeko etapa zen, eta lagun eta senideak han egoteak gehigarri bat ematen zion lasterketari.
Lehiatu duzun hirugarren Vuelta izan da aurtengoa. Nolakoa izan da bilakaera lehenengotik?
Batez ere nire lekua zein den jakiten ikasi dut; nire aukerak zeintzuk diren ere badakit orain. Hasieran ezin jakin noraino heldu zaitezkeen, zure indarrak nola erabili ikasi behar duzu, eta, azkenean, hiru urte hauetako esperientzia oso garrantzitsua izan da nire aukerak zeintzuk diren jakiteko eta indarrak neurtzen jakiteko. Ibilbideari dagokionez ere, hirugarren astera nola heltzen zaren ikusten ere jakin behar duzu, indarrak neurtzeko. Esperientzia oso garrantzitsua da kasu hauetan, eta hiru urtean aldea nabaritu izan dut. Izan ere, jakitun izan naiz Vueltaren amaieran aukera gehiago izan nitzakeela; beraz, hirugarren astera freskoago heltzen saiatu naiz.
Itzulia bezalako probetan gauza askok baldintzatuko dezakete emaitza, baina zein da zure kasuan gehien baldintzatzen zaituena?
Nire kasuan erorikoak izan dira gehien baldintzatu nautenak. Azken finean, 21 egunean osasunez ondo egotea da gakoa. Oso zaila da hiru astez guztiz osasuntsu egotea; azkenean, forma oso onean zaudenean erraza delako gaixotasunen bat hartzea, edo kontrakturaren bat edukitzea. Aurtengo Vuelta ez da izan salbuespena. Lasterketa luzeetan garrantzitsuena morala altu mantentzea da. Txarto zaudela pentsatzen duzunean oso zaila da horri buelta ematea.
Turkiako Itzulian oso ondo zenbiltzan, baina osasun arazoak zirela eta, lasterketa utzi behar izan zenuen.
Lasterketa hura denboraldiko momentu onenean izan zen, Euskal Herriko Itzuliaren ostean, eta forma onean nengoela. Gainera, oso gustura hartzen dudan lasterketa da, eta oso bideratuta neukan sailkapen nagusia irabazteko.Taldea ere indartsu zegoen, lasterketan ondo ari ginelako moldatzen. Esan daiteke garaipena kontrolpean genuela, baina inoiz ez dakizu noiz etor daitezkeen arazoak, eta azken egunera arte ez dago garaipena ziurtatzeko modurik.
Zelakoa da Nairo Quintana, Alejandro Contador eta txirrindulari onenen parean lehiatzea?
Urte asko daramatzat haiekin lehiatzen, lasterketa garrantzitsuenetan ez bada, txikoagoetan topo egiten dugu ere; geroz eta erosoago sentitzen naiz. Hala ere, argi dago errespetu puntu bat ematen duela haien parean joateak. Azkenean, baldintza berdinetan ari gara lehiatzen, haien soldatek gureekin zerikusirik ez duten arren. Hala ere, nik badakit nire helburuak zeintzuk diren, eta badakit haiena baino garrantzitsuagoa dela nire betebeharra, eta, horregatik, ez dut inolako arazorik beharrezko ikusten dudanean eskulekua sartzeko edo nire lekuan mantentzeko; bakoitzak bere funtzioak ditu. Gainera, guk ez dugu beraiek duten presio mediatikoa. Ikusita Bilboko etapan jendea gure gainean nola zegoen, ez dut imajinatu nahi Contadorrek egunero izan dezakeen presioa; jendea zoratu egiten da haien atzetik.
Zeintzuk dira hurrengo lasterketak?
Italian klasika batzuk egingo ditugu, eta denboraldi honetako azkena Tour de Vendee izango da, urriaren 2an, Nantesen (Frantzia).
Hiru urte egin dituzu Caja Rural taldean. Bertan jarraitzeko asmoa duzu?
Oso hurbil dago datorren urtean zer egingo dudan erabakitzeko momentua, baina, momentuz, ez dut ezer baieztatu nahi, kontratua sinatuta egon arte ez dagoelako jakiterik zer gertatuko den. Momentuz, ez daukat ezer ziurtatuta. Nire ustez, momentu honetan nire lekua WorldTourrean dago, goreneko sailkapeneko talde batean. Hori da nire asmoa, urte guztia horretan lanean egon naiz, eta emaitzek WorldTourrera bueltatzen lagunduko didatela uste dut. Beraz, hori da nire asmoa hurrengo urterako.
Beraz, zure burua beste maila batean ikusten duzu orain.
Azkenean norbera jakitun izan behar da bere maila zein den, eta non sentitzen den erosoago. Euskaltelen egon nintzenean apur bat kostatu zitzaidan maila horretara moldatzea. Kategoria horretan, bat-batean, txirrindulari profesional bezala hastea ez da batere erraza, eskaera maila oso altua da. Hala eta guztiz, ondo etorri zaizkit Caja Rural taldean eman ditudan hiru urteak. Maila bat beherago egon naiz, baina urte hauetan txirrindulari bezala hobetu egin naizela uste dut. Dena den, momentu honetan sentitzen dudana da orain dela mailaz igotzeko unerik aproposena.