Jaietako eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaurko
Sareginek, Txosna Batzordeak eta udalak egin dute deialdia. 14:00etan batuko dira Lamerako harrizko bankuan; 20:30ean, berriz, kalejira zaratatsua egingo duteBermeoko Sareginek, Txosna Batzordeak (Alkartasuna Dantza Taldea, Gazte Asanblada, Sareginek F...
Sareginek, Txosna Batzordeak eta udalak egin dute deialdia. 14:00etan batuko dira Lamerako harrizko bankuan; 20:30ean, berriz, kalejira zaratatsua egingo dute
Bermeoko Sareginek, Txosna Batzordeak (Alkartasuna Dantza Taldea, Gazte Asanblada, Sareginek Feministen Sarea, Urdaibai Eskubaloi Taldea, Askapena Talde Internacionalista eta Bilbo Salsa) eta udalak eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaurko, Santa Eufemia egunerako. 14:00etan batuko dira, Lamerako harrizko bankuan.Sareginek Feministen Saretik azaldu dutenez, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan bost eraso egon dira, euren artean lau sexistak izan direla diote: «Jazarpena, jazarpena eta ukituak, lelo iraingarriak eta bikoteari eragindako indarkeria. Kasu horiek eraso sexistak izan dira, eta ezinbestekoa da eraso sexista bezala identifikatzea eta herriak salatzea era guztietako erasoak saihestu gura baditugu».
Eraso horiek salatzeaz gain, eraso horren biktima izan diren emakumeei elkartasuna eta babesa eskaini gura diete.
Sentsibilizazio handiagoa
Sareginek adierazi dutenez, «urtean zehar egindako lanaren ondorioz, sentsibilizazio handia dago eraso sexisten inguruan, eta eraso horiek argira ateratzea oso garrantzitsua da». Diotenez, aurtengo jaietan ez da beste urte batzuetan baino eraso gehiago edo gutxiago egon; «kopurua ez da kontua, baina jendearen sentsibilizazioa handiagoa da. Emakumeok, eta, oro har, jendarteak erasoekiko dugun tolerantzia maila aldatu egin da: emakumeok babestuago sentitzen gara, eta ondorioz, erasoak gehiago salatzen dira. Hobeto antolatuta gaude, eta egindako jarraipena eta koordinazioari esker, kasuak arinago identifikatzen dira».
Bestalde, dinamika «kezkagarritzat» jo dituzte talde batek publikoki erabilitako lelo iraingarriak. «Emakume guztien aurkako» eraso zuzen hori salatzeaz gain, «hausnartu beharrekoa» dela adierazi dute: «Jaiak amaitzerakoan hainbat eragilerekin batera hausnarketa bideratu nahi dugu. Guztion zeregina delako horrelako jokabideak errepika ez daitezen zerbait egitea».
Pertsona bat jipoitu
Bestalde, Txosna Batzordeko kideek adierazi dutenez, zapatuan antolatu zuten kontzertuan lan egiten ari zen kide bat jipoitu zuten: «Eraso sexista ez bada ere, jaien eredu parte hartzailea ulertzen ez duten pertsona horien jokabidea gogor salatu gura dugu». Egiten duten lanaz «harro» daudela diote, defendatzen dituzten baloreak, lan egiteko moduak eta herriari egiten dioten aportazioa «herri mugimendutik irtetzen diren ekimenak» direlako; «herritik herrirako», diote. Azaldu dutenez, «egiten duten lana baloratua izan arren, badaude jaiak izorratzeko asmoagaz daudenak».
Bermeoko Udalaren arabera, berriz, «ezinbestekoa da herriak era ezberdinetako eraso sexistak salatzea. Argi utzi beharra dago erasoak ez direla onargarriak, ez Bermeon ez inon».
Elkarretaratzeaz gain, gaur bertan, 20:30ean, txosnagunean kalejira zaratsua egiteko deia egin dute. Mobilizazio bi horiek iraun bitartean, gainera, txosnak itxita egongo direla jakinarazi dute Txosna Batzordeko kideek.
Gertatuko guztiagatik, Sareginek, Txosna Batzordeak eta Bermeoko Udalak herritar guztiak deitu dituzte gaurko elkarretaratzean zein kalejira zaratatsuan parte hartzera.