Jose Sagarnaren lobak Gernikako epaitegian deklaratuko du
Maria Servini epaile argentinarrak eskatuta hartuko diote deklarazioa. Sagarna sendiari elkartasuna adierazteko epaitegiaren aurrean batuko dira, 11:45eanMarkina-Xemeinen hil zuten Jose Sagarna Uriarte apaizaren loba Jose Sagarna Ocerin-Jauregik Gernik...
Maria Servini epaile argentinarrak eskatuta hartuko diote deklarazioa. Sagarna sendiari elkartasuna adierazteko epaitegiaren aurrean batuko dira, 11:45ean
Markina-Xemeinen hil zuten Jose Sagarna Uriarte apaizaren loba Jose Sagarna Ocerin-Jauregik Gernika-Lumoko epaitegian deklaratuko du bihar goizean. Frankismoaren krimenen aurkako Argentinako kereila zuzentzen duen Maria Servini epaileak maiatzean egin zion Gernikako epaitegiari deklarazio hori hartzeko eskaera. Hala, Sagarna Ocerin-Jauregik bere osabaren hilketa salatuko du bihar, epailearen aurrean.Jose Sagarna Uriarte apaiza zen. Bizkaiko mendietan tropa frankistek preso eraman zuten, eta fusilatu egin zuten, 1936ko urrian, epaiketarik egin barik.
Bost lekuko
Maiatzean Jose Sagarna Ocerin-Jauregiren deklarazioa eskatu zuenean, beste lau lagunei ere deklarazioa hartzeko asmoa agertu zuen epaile argentinarrak. Hain zuzen, Luis Moreno, Manuel Sagastibeltza, Luis Ortiz Alfau eta Jorge Perezi ere hartu gura die lekukotsuna. Horretarako eskaerak egin zituen Barakaldo, Bilbo eta Eibarko epaitegietan.
Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Aurkako Euskal Plataformako kideak azaldu zuen kereilari batzuek Argentinara bidaiatzeko, eta Servinirekin aurrez aurre egoteko zailtasunak izango lituzketelako egin zituela epaileak eskaera horiek.
Elkartasuna
Gernika-Lumoko Udalak biktima horri eta haren senideei elkartasuna adierazi die. Bestalde, barikuan elkartasuna modu baketsuan adierazteko dei egin die gernikarrei, 11:45etik aurrera, Gernika-Lumoko epaitegiaren aurrean.
Frankismoko krimenen biktimen artean, Busturiko Calzada sendiari ere deklarazioa hartu izan zien Maria Servini epaileak, 2014ko maiatzean. Hain zuzen, Julen eta Elisa Calzada neba-arrebei deklarazioa hartzera etorri zen argentinarra, Gernika-Lumoko epaitegira.
1937. urtean Busturian fusilatu zuten bi horien aita, Doroteo Calzada.