Bermeoko Sareginek, Txosna Batzordeak (Alkartasuna Dantza Taldea, Gazte Asanblada, Sareginek Feministen Sarea, Urdaibai Eskubaloi Taldea, Askapena Talde Internacionalista eta Bilbo Salsa) eta udalak
eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko.
14:00etan batuko dira
Lamerako harrizko bankuan.
Lelo iraingarriei erantzunez, feministek txosnetan jarritako pankarta
Sareginek Feministen Saretik azaldu dutenez, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan
bost eraso egon dira, euren artean
lau sexistak izan direla diote: “Jazarpena, jazarpena eta ukituak, lelo iraingarriak eta bikoteari eragindako indarkeria. Kasu horiek eraso sexistak izan dira eta ezinbestekoa da eraso sexista bezala identifikatzea eta herriak salatzea era guztietako erasoak saihestu gura baditugu”.
Eraso horiek salatzeaz gain, eraso horren biktima izan dren emakumeei
elkartasuna eta babesa eskaini gura diete. Hala, Sareginek, Txosna Batzordeak eta udalak elkarretaratzea deitu dute biharko.
Sareginek adierazi dutenez, “urtean zehar egindako lanaren ondorioz, sentsibilizazio handia dago eraso sexisten inguruan, eta eraso horiek argira ateratzea oso garrantzitsua da”. Diotenez, aurtengo jaietan ez da beste urte batzuetan baino eraso gehiago edo gutxiago egon; “kopurua ez da kontua, baina jendearen
sentsibilizazioa handiagoa da. Emakumeok, eta, oro har, jendarteak erasoekiko dugun tolerantzia maila aldatu egin da: Emakumeok babestuago sentitzen gara, eta ondorioz, erasoak gehiago salatzen dira. Hobeto antolatuta gaude eta egindako jarraipena eta koordinazioari esker, kasuak erinago identifikatzen dira”.
Bestalde, dinamika “kezkagarritzat” jo dute talde batek publikoki erabilitako
lelo iraingarriak. Emakume guztien aurkako eraso zuzen hori salatzeaz gain, “hausnarketa egin beharrekoa” dela adierazi dute: “Jaiak amaitzerakoan hainbat eragilerekin batera hausnarketa bideratu nahi dugu. Guztion zeregina delako horrelako jokabideak errepika ez daitezen zerbait egitea”.
Bestalde, Txosna Batzordeko kideek adierazi dutenez, zapatuan antolatu zuten kontzertua lan egiten ari zen
kide bat jipoitu zuten: “Eraso sexista ez bada ere, jaien eredu parte hartzailea ulertzen ez duten pertsona horien jokabidea gogor salatu gura dugu”. Egiten duten lanaz “harro” daudela diote, defendatzen dituzten baloreak, lan egiteko moduak eta herriari egiten dioten aportazioa “herri mugimendutik irtetzen diren ekimenak” direlako; “herritik herrirako”, diote. Azaldu dutenez, “egiten duten lana baloratua izan arren, badagoz jaiak izorratzeko asmoagaz daudenak”.
Bermeoko Udalaren arabera, berriz, “ezinbestekoa da herriak era ezberdinetako eraso sexistak salatzea. Argi utzi beharra dago erasoak ez direla onargarriak ez Bermeon ez inon”.
Hala, Sareginek, Txosna Batzordeak eta udalak herritar guztiak deitzen dituzte biharko elkarretaratzean parte hartzera. Horrez gain,
20:30ean, txosnagunean kalejira zaratsua egiteko deia egin dute. Mobilizazio bi horiek irain bitartean, txosnak itxita egongo direla azaldu dute Txosna Batzordetik.