Galbaixoko erromeriari eutsi diote mutrikuarrek
Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe Galbaixo ermitara igo dira herritarrak. Kuadrillan edo familian batuta, ermitaren bueltako zelaietan batu dira, eta, ohi modura, jaitsiera goitibeheretan egin dute.Atzokoan Galbaixo Eguna goi-goitik ospatzea tokatu...
Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe Galbaixo ermitara igo dira herritarrak. Kuadrillan edo familian batuta, ermitaren bueltako zelaietan batu dira, eta, ohi modura, jaitsiera goitibeheretan egin dute.
Atzokoan Galbaixo Eguna goi-goitik ospatzea tokatu zen, eta Galbaixo ermitaren inguruetara hurbildu zirenak erromeria giroan ibili ziren. Asko, ohitura den modura, hamaiketakoa hartuta igo ziren, eta ermita inguratzen duten zelaietan jan-edanean ibili ziren, kuadrillan edo familian batuta.Eguerdi partean, berriz, herri kirolen txanda izan zen, eta bertaratu zirenek kirol erakustaldi ederra ikusteko aukera izan zuten. Alde batetik, Ugaitz eta Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrak aizkoran ibili ziren, eta bestetik, Inhar Urruzuno ondarrutarra eta Jokin Eizmendi zarauztarra harri jasotzen. Eizmendik lan polita egin zuen, eta estreinako, 200 kiloko harritzarra jasotzea lortu zuen han batutako guztien gozamenerako.
80 goitibehera
Galbaixo Eguneko ohiturari jarraituz, bestalde, goitibeherek Galbaixotik Mutrikura doan bidea egin zuten. 2,5 kilometroko luzera duen bidea 80 bat goitibeherek jaitsi zuten, jai giroa herrigunera eramanez.
14:00ak aldean lehen goitibeherak Mutriku aldera jaisteko prest egon ziren, baina azkenean, 14:30ak pasatxo arte ezin izan zuten Galbaixo gainetik irten. Lehen tramankuluek ziztu bizian egin zuten ibilbidea, eta tarte horretan, bideko bihurguneetan batuta egon ziren herritarren animoak jaso zituzten.
Goiko Plazan sartzen azkenak, ohi modura, Potronor kuadrillakoen egurrezko goitibehera izan zen; 16:30 inguruan ailegatu zen plazara, ikurrina astintzen. Goitibehera gehienak ailegatu ziren helmugara, baina tartean, istripuren bat edo beste ere egon zen.
Hain zuzen ere, Goiko Plazako sarreran gertatu zen istripurik larriena. Zehatz esateko, goitibeherak Plaza Txikiaren aurrean zegoen hesia jo zuen, eta barruan zihoan bat hesiaren burdinarekin zauritu zen. Lekukoen arabera, odol isuri handia eduki zuen, eta anbulantzia batek erietxera eraman zuen zauritua.