Ekaitz Goienetxea Bermeoko bizilagunak jaso du Igartza Saria
Ekaitz Goienetxea Cereceda (Miarritze, 1982) Bermeoko bizilagunak 19. Igartza Saria jaso du; Karramarroa trostan izeneko eleberri proiektua izan da onena Ana Jaka, Igor Estankona eta Peru Magdalena epaimahaiko kideen arabera. Orain, Goienetxeak urtebet...
Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatutako beka da Igartza Saria. Hemeretzigarren deialdira hamabost proiektu aurkeztu dituzte.
Karramarroa trostan lanari dagokionez, gaurko pertsonaiek eta 1980ko hamarkadakoek bat egiten dute bi garaiak uztartzen dituen istorio batean, Bizkaiko itsasertzeko herri batean girotuta. Gaurko gazteen zein haien gurasoen belaunaldiaren kezkak eta arazoak landuko ditu. «Ahots desberdinen polifonia» moduko bat osatuz, «bizitzaren gorazarrea» izan nahi du narrazioak, «melengekeriarik gabe».
Goienetxea kazetaritzan lizentziaduna da, euskarazko prentsan aritua, eta publizitate eta marketin lanak ere egiten ditu, literatur sorkuntzaz gain. Ez du bakarkako libururik orain arte, baina Gabriel Aresti ipuin sariketa irabazi du, eta Eslovenian literatur egonaldi bat ere egina da Beste Hitzak programagaz.