Bermeo Hiriko 34. ikurrina egongo da jokoan, zapatuan
Olatu horman egiten ari diren lanengatik herritarrek ezingo dute estropada gune horretatik ikusi; Erroxape kaia zabaltzeko saiakerak egiten ari direla azaldu duteKontxako bandera herrira ekarri ostean, San Miguel ligaren bila doaz Bou Bizkaia-ko arraun...
Olatu horman egiten ari diren lanengatik herritarrek ezingo dute estropada gune horretatik ikusi; Erroxape kaia zabaltzeko saiakerak egiten ari direla azaldu dute
Kontxako bandera herrira ekarri ostean, San Miguel ligaren bila doaz Bou Bizkaia-ko arraunlariak. Emozioak, oraindik, pil-pilean izango dira asteburuan, batez, ere, TKE ligako azkenaurreko jardunaldia Bermeoko uretan jokatzen delako. Liga amaiera, berriz, Portugaleten izango da, domekan. Gaur gaurkoz, 192 puntu dauzka Urdaibaik, eta bi puntu gutxiago dauzka Hondarribiak.Atzo goizean aurkeztu zuten Bermeo Hiriko 34. ikurrina Bermeoko Arrantzaleen Museoan, eta jakinarazi zutenez, 18:00etan hasiko da lehia. Azaldu zutenez, hiru txandatan banatuta, hamabi traineruk hartuko dute parte zapatuko estropadan.
Lehenik eta behin, igoera eta jaitsierako play off fasearen lehenengo jardunaldia egongo da jokoan. Portugaletek, Ondarroak, Kaiarribak eta Aresek parte hartuko dute horretan. Erlojupeko proba izango da, eta 5.556 metroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Traineruek bigarren kalea erabili beharko dute, kale gorria, eta lau luze eta hiru ziaboga izango ditu probak. Traineruak minutu bateko aldeagaz aterako dira.
Play off-aren ostean, Orio, Tiran, Astillero eta Cabo taldeetako arraunlarien txanda izango da. Amaitzeko, San Miguel Ligako sailkapen nagusian sailkatutako lau ontziak ariko dira arraunean: Hondarribia, Kaiku, San Juan eta Urdaibai.
Traineruek portuko Olatua eskulturaren ondoko maldaxkatik sartu beharko dute uretara, eta azken urteetan egin den modura, irabazleek uretan jasoko dute bandera.
Bisitari asko espero dira
Aurten, baina, eragozpen handi bat dago. Herritarrek eta bisitariek ezin izango dute olatu horma erabili estropadak ikusteko, Eusko Jaurlaritza lanak egiten ari baita. Hala eta ere, Urdaibai Arraun Elkarteko presidente Agustin Aranburuk eta Bermeoko Udaleko kirol zinegotzi Irune Ormaetxeak adierazi dutenez, «ahalegin berezia» egiten ari dira Erroxape kaia erabili ahal izateko estropadak ikusteko. Jakinarazi dutenez, «oraindik, baina, ezin dute ziurtatu posible izango den». Herritarrek eta bisitariek estropada «ahalik eta hobeen» ikustea da asmoa. Izan ere, asko izango dira Bermeora bertaratuko diren arraun zaleak, Ondarroatik, esaterako, autobusa antolatu dute; Ondarroako arraunlariak play off-ean animatzeko.
Bestela, TKE ligako arduradunek jartzen duten pantaila erraldoitik ikusteko aukera egongo dela azaldu dute; aipatu pantaila non jarriko duten ez dute oraindik zehaztu.
Ormaetxeak adierazi modura, «Bermeorentzat ohore bat da lehen mailako ikuskizuna den Bermeo Hiriko ikurrina estropada hartzea». Herrian giro «apartik» ez dela faltako esan du kirol zinegotziak, «herriko jaiak egun bat luzatuz». Hala, gogorarazi duenez, Bou Bizkaia Peñak antolatuta, 17:00etan fanfarreekin kalejira egongo da, San Migeleko eskaileretatik hasita.
Atzoko agerraldia aprobetxatu zuen Ormaetxeak TKE ligan parte hartzen duten taldeei zorionak emateko, bereziki, herriko taldeari, «Urdaibai osatzen duten guztiei».