Artea kaleratzeko premia aldarrikatu du Aristondok
Jesus Aristondo ondarrutarrak berak egindako bi horma irudi ipini ditu herrian. Bat kendu egin badute ere, bestea ikusgai dago, Txomin Agirre ikastolaren parean. Herritarrak artea bistaratzera animatu ditu.Kultur materialak norberak etxean, kutxan gord...
Jesus Aristondo ondarrutarrak berak egindako bi horma irudi ipini ditu herrian. Bat kendu egin badute ere, bestea ikusgai dago, Txomin Agirre ikastolaren parean. Herritarrak artea bistaratzera animatu ditu.
Kultur materialak norberak etxean, kutxan gordeta edukitzea baino askoz ho- be da kalera ateratzea. Jendeak ikustea eta guztiok material horregaz gozatzea da ona». Hori pentsatzen du Jesus Aristondo ondarrutarrak. Eta pentsaera horri jarraituz, berak bildutako eta Ondarroako argazkilari batek utzitako argazkiak erabiliz, horma irudiak ipini ditu Ondarroako Txomin Agirre ikastolaren eta Zubi Zahar herri ikastolaren alboan.«Ikastolei baimena eskatu nien, eta arazorik ez zegoela esan zidaten», azaldu du Aristondok. Dena den, Zubi Zaharren zegoena desagertu egin dela esan du egileak. Ikastolako arduradunak ere harritu egin dira, izan ere, eurek ez dute kendu.
Besteak beste, herriko argazki zaharrak, Aristondorentzat esanguratsuak diren esaldiak, irudiak, mapak… Denetarik aurki daiteke horma irudietan. «Nik sormena duten gainontzeko herritarrei ere esango nieke euren lanak kalera ateratzeko; artea kalera atera behar da». Horrez gain, herritarrek kalean dagoena ere zaindu egin behar dela ikasi behar dutela dio. «Jendeak jakin behar du guztion artean zaindu behar ditugula horrelako gauzak».
Gainera, horrelako ekintzak eginez, herriko guneei argia ematen zaiela gaineratu du. «Nire helburua izan da nik gordeta neukan material zati bat herritarren begi bistan egotea, jendeak ikustea. Alegia, kanpora ateratzea».
Elkarlanaren beharra
Herrian 50 elkarte baino gehiago daudela eta askok elkar ez dutela ezagutu ere egiten gehitu du. «Bakoitza bere kabuz aritzen bada, ezer gutxi lortuko dugu. Guztiok batera egin beharko genituzke gauza batzuk, indarrak batuta».
Bi leku horietan ikusgai ipinitako horma irudiak negura arte edo, bertan utziko dituela aurreratu du. «Gero, baliteke zatika beste leku batera eramatea, edota beste lekuren batean beste horrelako zer edo zer ipintzea».
Dioenez, oraindik ere material asko eta asko dauka etxean. Beraz, tarteka hori guztia bistaratzen joango da.