Santa Kurtze eguna ospatuko dute gaur, Muxikako Ariatza auzoan
Jaiak atzo hasi ziren, eta domekararte luzatuko dira. Zapatu eguerdian paella txapelketa egingo da, eta Ariatzako Otxotea eta Dirty Riders taldeak egongo dira iluntzeanUda bukatzear egon arren jaiak ez dira amaitu, izan ere, gaur bertan ospatuko dute S...
Jaiak atzo hasi ziren, eta domekararte luzatuko dira. Zapatu eguerdian paella txapelketa egingo da, eta Ariatzako Otxotea eta Dirty Riders taldeak egongo dira iluntzean
Uda bukatzear egon arren jaiak ez dira amaitu, izan ere, gaur bertan ospatuko dute Santa Kurtze eguna Muxikako Ariatza auzoan. Atzo, Atxelipe txokoko lehendakariak pregoia eta txupina bota ondoren, sei egun iraungo duten jaietan sartu ziren ariatzatarrak. Ohikoa den legez, makailao jana eta porra txapelketa ere egin zituzten, iluntzean.Gaur, meza nagusiagaz hasiko dute Santa Kurtze eguna, ondoren pintxo eta trikitilariei tartea egiteko. 18:00etan, Briska txapelketa ere egingo dute, irabazleentzako dirusariekin. Izena emateko, parte hartzaileek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Sariak, berriz, honako hauek izango dira: lehenengoarentzat 150 euro eta txapela, bigarrenarentzat 80 euro eta gazta bana, hirugarrenarentzat 50 euro, eta laugarrenarentzat 25 euro.
Bihar, berriz, herri bazkaria egiteko eguna izango da. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena txokoan. Hala ere, giroa bazkaldu aurretik hasiko da, 11:30ean, Ariatzako koralak abestuko duen arimen omenezko mezagaz. Ostean, poteoa eta pintxoak egongo dira trikitilariekin.
Barikuan astebururako motorrak hasiko dira berotzen, gauean egingo dituzten sardina jana, bertso saio eta kontzertuagaz. Onintza Enbeita, Ander Elortegi, Asier Galarza eta Ibai Amillategi izango dira bertsolariak, eta haien ostean, Nebian taldekoek emanaldia egingo dute.
Zapatuan paella txapelketa izango da eguneko gaia. Goizetik hasiko dira kuadrillak paellarik onena prestatzeko lanean. Iluntzean, Ariatzako Otxotearen emanaldia eta Dirty Riders-en kontzertua egongo dira.
Ohi bezala, Saragiaren hiletagaz agurtuko dituzte jaiak. Hilaren 18an izango da, 13:30ean. Egun berean, eta horren aurretik, meza nagusia eta Ibarruriko Baso Txoritxo dantza taldearen saioa izango dira aukeran.