"Herri honen alde azala utzi dutenen" aldeko politika egingo du EH Bilduk
Nazio mailako ekitaldia egin du EH Bilduk, arratsaldean, jende bete karpan. Bizkaiko zerrendaburuak Pello Urizar eta Laura Mintegi izan ditu gaur ondoan. Eta lan egiteko konpromisoa nabarmendu dute hautagaiek, herriarekin eta herriarentzat lan egiteko konpromisoa. “Nire ezpain gorriak ez dira itxura bakarrik”-esan du Agirrek-, “patxada, koherentzia, konpromisoa, lan egiteko gogoa eta ekina ere badira”. Kanpainako egun bakoitzeko argazki bat gorde duela esan du Agirrek. Gernikan astelehenean, baserritarrei entzun ta lehen sektorea zaintzeak duen garrantzia ikusi zuela esan du. Sektore hori babesteko neurriak hartuko dituztela azpimarratu du, programan jasota dutela, gainera. Astra eredu, autogestioa babesteko eskatu du hautagaiak. Horren alde egingo dutela, “eta ez postaleko kultura, Urdaibaiko Guggenheima den bezala”. Bilboko Guggenheimeko langileen borroka ere aipatu du, eta haiekin izan zenean prekarietatearen argazkia ikusi zuela. “Herri honen alde azala utzi dutenen aldeko politika” egingo duela esan du Agirrek, eta kontrol politikorako neurriak agindu. Urizarrek Euskal Herriaren ilusioa goraipatuz hasi du hitzartzea. Horren harira esan du Urkulluren EAJk ez duela ilusioa sortzen, eta ez duela balio EH Bilduren proiektua bultzatzeko. “EAJk ilusioa sortu zuen azken aldia Ibarretxe Planarekin izan zen”, esan du legebiltzarkide izandakoak, eta gogoratu du hori garatzeko gai ez zirela izan. Laura Mintegik ere kontsultarako legea aipatu du. 2005etik 11 urte joan direla esan du; eta orduz geroztik kontsultarako aukera giltzapetuta dutela esan du. “Ez dute betetzen Ibarretxek egin zuen plana; ezta zuen fundatzaileak esab zuena, euzkadi euzkotarren aberria dela”. Madrilek Euskal Herriaren kontra bideratzen dituen eraso sistematikoak aipatu ditu Mintegik.”Guk erabakitzen duguna beraiek atzera botatzen dute; edo beraiek inposatzen digute zer egin, guri ez digutena egiten uzte”, esan du. Ikasleen bekak, langileen EPEak, langile publikon soldatak, ahalduntze legea, frackinga errazten duen legea, lan erreforma, pentsioen erreforma, botiken berrordainketa edota kutxen legeae aipatu ditu. “Zer egingo genuke Madrilen oztoporik gabe?”, galdegin du. Euskal Herriak egiteko asko duela aipatu du, eta euskal errepublikaz hitz egiten hasteko garaia dela.