Galbaixo jaiak kirol eskaintzaz beteta datoz
Jaietan, ohi modura, zesta-puntako partidak ikusteko aukera egongo da. Galbaixo jaien hondarrean, zapatuan, Xistera Zirkuituko jaialdiaren final ikusgarriak ikusteko aukera egongo da, Miruaitzen.Galbaixo jaiek dakarten eskaintza oparoaren artean, hainb...
Jaietan, ohi modura, zesta-puntako partidak ikusteko aukera egongo da. Galbaixo jaien hondarrean, zapatuan, Xistera Zirkuituko jaialdiaren final ikusgarriak ikusteko aukera egongo da, Miruaitzen.
Galbaixo jaiek dakarten eskaintza oparoaren artean, hainbat kirol ekintzez gozatzeko aukera egongo da. Domekara bitartean, besteak beste, herri kirolak, crossfit, calistenia, parkour, mendi lasterketak, zesta-puntako partidak… ikusi ahal izango dira.Eskaintza horren guztiaren artean, zapatuan, nagusi, gazte eta nesken mailako Xistera zirkuituko finalak jokatuko dira Miruaitz frontoian, 22:00etatik aurrera.
Mutrikuko jaialdia Xistera zirkuituko seigarren txapelketa izango da, eta Ibon Urreisti Xistera elkarteko presidenteak nabarmendu duenez, Mutrikuko txapelketa berezia izango da. «Mutrikuarra izanik, txapelketa hori berezia izango da. Xistera proiektu hau orain dela zortzi hilabete aurkeztu genuen, eta apurka-apurka indarra hartzen ari dela nabaritzen da».
Bertoko ordezkariak
Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea ere Urreistik esandakoarekin bat etorri da. «Horrelako txapelketa bat ezin da falta Mutrikun eta, zorionez, Xistera proiektuko finalak hartuko ditugu».
Finalei dagokienez, herriko puntistez gain, Lea-Artibaiko ordezkariek ere parte hartuko dute. «Oso norgehiagoka erakargarriak espero dira. Aurreko zapatuko finalerdietan ere Mutrikuko frontoia leporaino beteta egon zen».
Nesken mailako norgehiagoka erabakigarriarekin hasiko da jaialdia, eta bertan Danok Bateko Eneritz Lizardik eta Jane Arreitunandiak osatutako bikotea Maite Ortiz de Mendibil eta Berriatuko Nahia Calvoren aurka ariko dira. Gazte mailan, berriz, Mikel Manzisidor mutrikuarrak eta Jon Bidondok Markina-Xemeingo Iker Ibarluzea eta Theo Laborderen aurka neurtuko dituzte indarrak.
Azkenik, nagusien mailako norgehiagoka jokatuko da. Bailo eta Markina-Xemeingo Anton Gandiagaren aurka ariko dira Cosme eta Del Rio.
Joan-etorriko autobusa
Atzo egin zuen eztanda jaiak danborradarekin, eta gaur, Galbaixo jaietako egun nagusia ospatu dute, Galbaixo ermitaren bueltan. Egingo diren ekintzen artean, herri kirolak izango dira, 13:00etan.
Udalak gogorarazi duenez, Galbaixora igotzeko autobusak joan-etorrian ibiliko dira, 08:00etatik aurrera.