Ekaitz Goienetxea Cereceda (Miarritze, 1982) Bermeoko bizilagunaren
Karramarroa trostan izeneko eleberri proiektua izan da onena Ana Jaka, Igor Estankona eta Peru Magdalena epaimahaiko kideen arabera. Orain, Goienetxeak urtebeteko epea izango du proiektuari forma eman eta gauzatzeko.
Xabier Matarranz, Ekaitz Goienetxea, Xabier Mendiguren eta Joxe Begiristain gaur, Donostian. Argazkia: Goierriko Hitza
Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatutako beka da Igartza Saria. Hemeretzigarren deialdia izan da aurtengoa, eta, guztira, hamabost proiektu aurkeztu dituzte.
Karramarroa trostan lanari dagokionez, gaurko pertsonaiak eta 1980ko hamarkadakoak bat egiten dute bi garaiak uztartzen dituen istorio batean, Bizkaiko itsasertzeko herri batean girotuta. Gaurko gazteen zein haien gurasoen belaunaldiaren kezkak eta arazoak landuko ditu. “Ahots desberdinen polifonia” moduko bat osatuz, “bizitzaren gorazarrea” izan nahi du narrazioak, “melengekeriarik gabe”.
Ekaitz Goienetxea Bermeon bizi da eta bertan lan egiten du; Talako Kantinan tabernari eta kultur programatzaile aritzen da. Kazetaritzan lizentziatua da, euskarazko prentsan aritua, eta publizitate eta marketin lanak ere egiten ditu, literatur sorkuntzaz gain. Ez du bakarkako libururik orain arte, baina Gabriel Aresti ipuin sariketa irabazi du, eta Eslovenian literatur egonaldi bat ere egina da
Beste Hitzak programarekin.