Mendatako baserritarrek hogeigarren urtez ospatu dute Nekazal Azoka
Domeka goizean zehar Mendatan egin zen azokara hainbat pertsona hurbildu ziren, baserritarrek bertan jarri zituzten hamasei postuetan salgai zeuden ortuariak, ogia, txakolina, euskal pastela, kontserbak… daztatu eta erosteko. Artisauek ere beraien tokia izan zuten, eta hamar postu inguru kokatu zituzten herriko frontoian.
Hala ere, Euskal Oiloa izan zen azokako erregina, izan ere, herriko hazleek 400 aletik gora jarri zituzten salgai. Maria Begoña Lamikiz, mendatarrak azaldu bezala, «bertako oiloaren arrautza beti izaten da gozoagoa, gainera denbora gehiagoz jartzen ditu, pare bat urte gutxienez. Izan ditugun beste batzuek urte bakarra irauten duten bitartean». Haragia ere gozoagoa dela dio Lamikizek.
Zuriak, horiak eta batez ere gorriak ziren salgai egon ziren oilo eta oilarrak. Prezioak hamar eta hamabost euro inguruan ibili ziren; oilar zaharrak 25 eurora ere saldu ziren.
Oiloez gain, Jon La Cruz gatikarrak hainbat animalia ere eraman zituen azokara, haur eta helduen gozamenerako: zebra, gamelua, bufaloa, zaldiak, llamak eta mota askotako behiak ere jarri zituen ikusgai.
Idi probetako animaliak ere han izan ziren ikusgai, arratsaldeko desafiorako prest.
Jarraikortasuna
«Ez da lan erraza izan hogei urte hauetan jai hau mantentzea», adiarzi zuen antolakuntza taldean izan zen Idoia Malleak. Hala ere emaitzekin pozik daudela adierazi zuen berak.
«Adin guztietako herritarrek parte hartu dute antolakuntzan», gehitu zuen Malleak, «batez ere, nagusiak izan arren hainbat urtez laguntzen ibili diren pertsonen gogo bizia da azpimarratzekoa».