Egindako lan onaren saria
Bi jardunaldietan nagusituta, Urdaibaik irabazi du Kontxako 120. bandera. Lau urtez jarraian nagusitu dira bermeotarrak Donostiako uretanBi jardunaldiak irabazita, Kontxako bandera Bermeora ekarri dute Urdaibaiko arraunlariek. Laugarren urtez jarraian ...
Bi jardunaldietan nagusituta, Urdaibaik irabazi du Kontxako 120. bandera. Lau urtez jarraian nagusitu dira bermeotarrak Donostiako uretan
Bi jardunaldiak irabazita, Kontxako bandera Bermeora ekarri dute Urdaibaiko arraunlariek. Laugarren urtez jarraian nagusitu dira bermeotarrak denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenean.Bou Bizkaia-ko arraunlariek 19 minutu, 52 segundo eta 52 ehuneneko denboran amaitu zuten lehia herenegun. Hondarribitarrak bermeotarrengandik 7 segundo eta 6 ehunenera sailkatu ziren. Beste urte batez, ikuskizun ederra eskaini zieten TKE ligako bi faboritoek Donostiako badiaren inguruan bildutako jendetzari.
Lehen jardunaldiko segundo 1 eta 78 ehuneneko aldeari eustea zen bermeotarren erronka, eta aurreko asteburuan moduan estropada bikaina burututa, aldea handitzea lortu zuten. Indar erakustaldi handia egin zuen Urdaibaik, fisikoa zein psikologikoa.
Lehen txandan nagusituta, Orio sailkatu zen hirugarren Urdaibairengandik 20 segundora, baina aurreko asteko denbora batuta, laugarrenak izan ziren. Kaikuk bosgarren amaitu zuen domekako lehia (20:21.72), baina bi jardunaldietako denborak batuta, hirugarren sailkatu zen.
Nesketan, San Juan nagusi
Nesketan ere ez zen ezustekorik egon, eta lehia estua egon zen San Juan eta Hibaikaren artean.
Domekako estropada Hibaikak irabazi zuen, baina ez zuten San Juanen lehen jardunaldiko abantaila gainditzerik lortu, eta ondorioz, pasaitarrek eskuratu zuten bandera. Horiek hirugarren urtez jarraian nagusitu dira Kontxan. 21 minutu, 25 segundo eta 14 ehuneneko denbora bildu du San Juanek bi jardunaldietan. Hibaika segundo 1 eta 44 ehunenera geratu da.
Orio eta Cabo sailkatu dira hirugarren eta laugarren. Irabazlearengandik 13 segundo eta 58 ehunenera geratu dira oriotarrak. Cabok, berriz, San Juanengandik 58 segundo eta 96 ehunenera amaitu zuen.
Asteburu erabakigarria
Lehia biziko bi asteburuen ostean, emozioak ez du etenik izango. Datorren asteburuan Bermeon eta Portugaleten jokatuko dituzte TKE ligako azken bi jardunaldiak. Liga gori-gori dago, eta bi faboritoak dena ematera aterako dira. Gaur gaurkoz, 192 puntu dauzka Urdaibaik, eta bi puntu gutxiago dauzka Hondarribiak.
Asteburuko bi hitzordu horietan San Miguel ligarako igoera fasea ere jokatuko dute Ondarroak, Donostiarrak, Portugaletek eta Aresek.
Lehia horiek ikustera joateko autobusa antolatu dute Ondarroatik. Eguenera arte eman daiteke izena Alai tabernan.