Asteburu betea eta borobila olaia zabalondo
Jaietako egunik indartsuenetarikoak atzean utzi dituzte bermeotarrek: Arrantzale Eguna eta Sukalki Eguna. 104 kazola aurkeztu dituzte aurtengo sukalki txapelketara.Oraindik jai egun asko gelditzen badira ere, eguenera bitartean lasaiago ibiliko dira be...
Jaietako egunik indartsuenetarikoak atzean utzi dituzte bermeotarrek: Arrantzale Eguna eta Sukalki Eguna. 104 kazola aurkeztu dituzte aurtengo sukalki txapelketara.
Oraindik jai egun asko gelditzen badira ere, eguenera bitartean lasaiago ibiliko dira bermeotarrak, eta atsedena hartzeko aukera ere edukiko dute. Izan ere, eguaztenean jaiak hasi zirenetik gelditu barik ibili dira herrian. Asteburu betea izan dute, eta borobil amaitu, gainera, Kontxako banderaren garaipenagaz.Herritarrak sukalkiak prestatzen ari ziren domekan, Urdaibaik Donostian Kontxako bandera irabazi zuenean. Hala, ordura arte zegoen giro ona bikoiztu egin zen Talan. 109 kazolak eman zuten izena sukalki txapelketarako, baina 104 aurkeztu zituzten. Irabazleak txapelketan ezagunak diren Katxunga taldekoak izan ziren. Betiko Liantiek taldearen kazola- rentzat izan zen bigarren saria, eta hirugarrena, berriz, Lau haizetara izeneko kazolak jaso zuen. Hala ere, aurten, parte hartzaile guztientzako sariak egon dira, herriko saltoki eta tabernen eskutik.
Zapatua aldarrikapen eguna izan zen. Bermeon bizi diren katalanek eta Askapenak elkarlanean antolatutako eguna izan zen Visca la Terra. Herrialde katalanetako gastronomia eta kulturaz gozatzeko aukera eskaini zuten txosnagunean, Diadaren bezperan. Gauean, ekitaldi politikoa ere egin zuten.
Arrantzale koloretsua
Ohikoak diren talko hautsez gain, Asko Gutsut ideia-kolektiboaren ekimenez, kolore askotako hautsak erabili zituzten aurten bermeotarrek Arrantzale Eguneko kalejiran. Hala, egunari kolorea ematea lortu zuten.
Bestalde, bateleroak, kordeleroak eta Juan Antonio Apraiz Koiote omendu zituzten bariku goizean. Gonbidatu berezi bat izan dute aurtengo omenaldian: Arrantzaleen omenez portuan dagoen Itzulera eskulturaren egile Casto Solano.
Beste askoren artean, kirolak, bertso saioa, umeentzako jarduerak eta musika ere ez dira falta izan azken egunetan.