XI. mendera begirada
Museoaren atzean jarritako kanpalekuan gerlariak eta mertzenarioak izan ziren nagusi. Baina bazeuden artisauak eta merkatari bat ere. Emakume bat bordatze lanetan, artisau bikote bat larrua lantzen, ume bat sua pizten, gerlari bat armak zorrozten… Zehaztasun guztiak zaintzen dituzte ahalik-eta irudikatze zorrotzena egiteko. “Asko hurbiltzen zaizkigu Erdi Aroko azoka bat garela pentsatuz. Baina ez da horrela, guk egiten dugunak ez du azokekin zerikusirik, eta hori argi geratzea gura dugu. Erdi Aroko azokak saltzeko sortu ziren produktu komertzialak dira”, azpimarratu du Espinak. Mitoak apurtzen Otsolur taldeko kideek dena dokumentatuta daukate; anakronikoa den ezer ez egotea asko zaintzen dute. “Arropei buruz ere ikerketa eginda dago. Ditugun baliabideekin, irudikatzen dugun garaiagaz ahalik-eta zorrotzenak izaten ahalegintzen gara, garaiko benetako kanpaleku bat irudikatzeko”. Arku sailak, jaurtitzeko armak, xabalinak… Erdi Aroko askotariko armak eta erremintak dituzte, eta horien inguruko azalpenak adi entzuten dituzte ikusleek. Batik bat, mitoak apurtzen dituztela diote: “Erdi Aroari buruz jendeak dituen klixeak apurtzen ahalegintzen gara, jendea konturatu dadin ez dela fantasia. Pelikulek faltsua den estereotipoa sortu dute”. Esate baterako, ezpatek ez dute gehienek uste duten besteko pisurik, eta haien irudikatzeetan ezpatak hartzean jendea harrituta geratzen da horrelako xehetasunekin. Era berean, gerlariek ez dutela zertan gizonezkoak izan ere erakusten dute saioetan.“Pelikulek faltsua den estereotipoa sortu dute; klixeak apurtzen ditugu”
Zaletasuna da haientzat, eta taldeko kide askok haien seme-alabei ere transmititu diete zaletasun hori. “Umeek oso ondo pasatzen dute hemen. Hau mundu bat da. Ni 2007an hasi nintzen, baina badira lehenago zein geroago hasi direnak ere. Taldea, berez, iaz sortu genuen, baina aurretik beste talde batzuetan aritu izan gara. Zerbait ikusgarria egiteko asmoagaz erabaki genuen batzea”, dio Espinak. Parte hartzea bultzatu Erdi Aroko irudikatzeetan Euskal Herrian “hasiberriak” direla azaldu du, eta beste leku batzuetan aspalditik egiten dituztela. Jendearen parte hartzea bilatzen dute. Interesa dutenek galdetu, eta haiek dagozkien azalpen guztiak ematen dizkiete. Jakingura dutenei elkartekoei mezu elektroniko bat bidaltzeko eskatu diete: “Galdetu, probatu, eta asko ez gastatzeko gomendatzen dugu. Horretarako, XI. mendeagaz hastea aholkatzen dugu, arropak sinpleagoak direlako, eta ez dago hainbeste osagarri”. Gernika-Lumoko esperientziagaz pozik daude, bertaratu zirenek jakinmina erakutsi zuten, eta ume zein nagusien galderak erantzuten aritu zirela azaldu dute.“Irudikatzen dugun garaiagaz ahalik eta zorrotzenak izaten ahalegintzen gara”