Museoa ikastetxeetan programa errepikatuko dute 2016-2017 ikasturtean
Bakearen kultura Bizkaiko ikasgeletan txertatzeko asmoa duen Museoa Ikastetxeetan izeneko programa errepikatuko dute aurten ere. Gernika-Lumoko Bakearen Museoak 2014 ikasturtean martxan jarri zuen egitasmo horrek izan duen harrera ona dela eta, aurten ere errepikatzea erabaki dute. Programa horren bitartez, umeek bakearen kulturagaz lotutako tailerrak landu ahal izango dituzte, Gernika-Lumoko Bakearen Museoko hezkuntza arloko arduradunaren gidaritzapean.
Museoko hezkuntza arloak 2016-2017 ikasturterako Bizkaiko ikastetxeei eskaintzen dien programa martitzenetan egingo dute, urritik maiatzera bitartean. Tailerrak doakoak izango dira, eta ikastaroak eskoletara bertaratuko diren museoko hezkuntza teknikariek emango dituzte, ikastetxe bakoitzean gehienez eguneko lau tailer emango dituztelarik.
Ingurumena eta bakea
Haur Hezkuntzako ikasleek Birziklatu Pispasekin tailerra izango dute eskura, marrazki bizidunen bidez ingurumena zaintzen ikasteko baliagarria. Zabor mota desberdinak zein ontzitan eta birziklapenak zertarako balio duten ikasiko dute haurrek tailer horren bitartez. Jarrera horiei esker, ingurumenean, gizartean eta beraiengan egongo diren onurak nabarmendu ahal izango dituzte.
Lehen Hezkuntzako ikasleek, berriz, hiru ikastaro izango dituzte: Bakerako Ipuinak, Zer da bakea? eta Bakearen artea.
Lehen ikastaroan ipuinak erabiliko dituzte gaztetxoek, gatazkak konpontzeko bidea ikas ditzaten. Biolentzia erabili gabe eta sormenaz baliatuz, arazoak modu baketsuan konpondu daitezkeela ikustaraziko diete ikasleei.
Zer da bakea? ikastaroan biolentzia mota ezberdinak aztertuko dituzte, ondoren bakoitzak duen jarrera nolako eragina duen antzeman ahal izateko. Amaitzeko, ikasleek biolentzia eta bakea elkarlotuta daudela egiaztatu ahal izango dute, eta museoko teknikariek egoera bortitzei buelta emateko aukera badagoela ikustaraziz.
Bakearen artea tailerretan parte hartuko dutenek gerrarako armak desmuntatuko dituzte, pieza horiekin bakerako figurak sortzeko. Horrela gatazkak eraldatzeko sormena eta artea erabiltzen ikasiko dute.