Itsas eta baserri munduaren isla dira
Anton,
Josefin, Lorentzo eta
Mari erraldoiak; Bermeok duen ondare garrantzitsua dira, gainera. Aipatu erraldoiak gidatzeaz arduratzen da Bermeoko Erraldoien Konpartsa. 10. urteurrena ospatzen ari dira aurten, eta jaiak amaitzearekin batera, lehenengo hamarkada agurtu eta hurrengoari ekingo diote.
Erraldoiak Portuzarrean dantzan joan den zapatuko Erraldoikadan, tartean, Bermeokoak. Argazkilaria: Txebi Arriaga
Erraldoien Konpartsa 2006an sortu bazuten ere, Bermeoko Udalak arinagotik zituen erraldoiak. 2002an egin zuten lehenengo erraldoien bikotea, arrantzaleena, hain zuzen:
Anton arrantzalea eta
Josefin saregina. 2004an, berriz, bikote baserritarra egitea erabaki zuten,
Lorentzo eta
Mari. Bermeoko konpartsa osatu aurretik, Deustuko Ondalan eta Santurtziko Mendialde konpartsako kideak etortzen ziren erraldoiak gidatzera.
Zortzi laguneko talde bategaz hasi zen lanean, 2006an, Bermeoko Erraldoien Konpartsa. Gaur egun, 15 lagun inguru daude taldean. Konpartsa gero eta ezagunagoa den heinean, gero eta dei gehiago jasotzen dituzte. Hala ere, konpartsako kide Joseba Batizen esanetan, «askotan ezetza eman beharra daukagu, jendea falta dugulako. Lana, lesioek edo ume txikiek asko mugatzen dute».
Erraldoien kalejira bat egiteko, erraldoi bakoitzeko hiru lagun joatea izango litzateke egokiena, baina, bigaz ere «aurre egin» daitekeela diote.
10 urte hauetako ibilbidea «erraza» izan dela diote: «Konpartsako kideak ez gara kuadrilla berdinekoak, ezberdinak gara gure artean, baina oso ondo moldatzen gara. Erraldoiak batu gaituzte, eta ondo pasatzen dugu. Azken finean, hori da helburua, ondo pasatzea», dio Imanol Rodriguezek, konpartsako beste kide batek.
Buruhandiak eroateko gazteakbadituzte taldean, baina ardura hori hartzeko «heldutasuna» behar dela diote: «40 kilo koak dira erraldoiak, eta ez da erraza eroatea. Orain buruhandiekin dabiltzan gazteak gero erraldoiak eroatea gustatuko litzaiguke, ea konpartsan jarraitzen duten».
Izan ere, erraldoiak eroateak baditu bere zailtasunak, eta horiek aipatzean ados daude taldekideak: «haizea». Gainontzekoa, «martxa hartzea» dela aipatu dute: «Dantzak ez dira zailak. Lehenengo erraldoi barik ikasten dira, eta behin prest egonda, erraldoiekin».
Era berean, Bermeoko erraldoiak handiak direla aipatu dute, eta bikote ertain bat edukitzea gustatuko litzaieke: «15 eta 18 urte bitarteko gazteek eroan ahal izateko. Baina oso garestiak dira, eta ez dago dirurik».
‘Ekau pipie Xixilintzako’ liburuxka aurkeztu zuteneko irudia. Joseba Batiz eta Aingeru Astui.
Liburuxka eta film laburra
2013. urtea berezia izan zen Bermeoko Erraldoien Konpartsarentzat. Xixilik harrizkoa izateari uzteko, 100 txupete batzen hasi ziren Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari erraldoiak. Istorio bat sortu eta Ekau pipie Xixilintzako! liburuxka argitaratu zuten. Eukene Markina Agirrek egin zituen marrazkiak eta gidoia, berriz, Berde jaunak.
Bermeon, txupeteak Olentzerori ematen dizkiote edo San Juan gaueko sura botatzen dituzte gehiengoetan umeek. Bermeoko Erraldoien Konpartsak, baina, Iruñeko eredua jarraitu zuten Bermeon ere; han, umeek erraldoiei ematen dizkiete txupeteak. Ordutik, diotenez, gero eta ume gehiago dira erraldoiengana hurbiltzen direnak txupeteak emateko.
Datorren urtera begira, 2013an egin modura, herriko ikastetxeetara hurbilduko direla azaldu dute, eta 2 eta 3 urteko umeen artean banatuko dituzte liburuxkak, umeei aukera hori badagoela gogorarazteko.
Urte bat beranduago, 2014an, izen bereko film laburra kaleratu zuten, Markel eta Gorka Goikoetxea anaien zuzendaritzapean. 15 minutuko iraupena du film laburrak, eta hiru emanaldi egin zituzten bere garaian. «Arrakastatsua izan zen, emanaldi guztietan aretoa gainezka egon zen, eta oihartzun handia izan zuen herrian», diote. Luma liburudendan zein konpartsako kideei eskatuta eskura daitezke bai film laburra zein liburuxka.
10.urteurrena ere, berezia izaten ari dela diote, eta luzaroan buruan zeukaten irteera bat ere egin dute. Gaztelugatxeko San Joanera igo dira erraldoiekin. «Konpartsako bikote batek han ezkondu behar zuela aitzakia hartuta, hitzordua jarri genuen, baina eguraldi txarra egin zuenez, beste egun baterako utzi genuen. Hala ere, geroaro egin genuen», dio Batizek.
Uste baino hobeto egin zuten bidea, «gutxika gutxika, bainagustura». Drone bat erabilita dena grabatu zuten, eta bideoa «arrakastatsua» izan da. Bidean, gainera, ikusnahia zuten kanpoko jende asko aurkitu zuten: «Oso polita eta ahaztezina izan zen».
Anton arrakastatsuena
Lau erraldoien artean, bada arrakasta gehien duena ere:
Anton arrantzalea. Batizen ustez, «arrantzalea delako» izan daiteke. Bestetik, herrian ezaguna zen arrantzale baten argazkia erabili zuten erraldoia egiteko. «Beraz, ezaguna egiten da».
Era berean, arropek ere atentzioa ematen dutela uste dute konpartsakideek: «berezia da Anton». Beste herri batzuetako erraldoiekin alderatuta, hala ere, Bermeokoak «gustukoenen» artean egoten dira: «Oso politak direla esaten dute. Aurpegiak naturalagoak dituzte».
Herritarren babesagaz ere «oso pozik» daudela aipatu dute konpartsakoek: «Irteera bakoitzean jende asko ibiltzen da gure atzetik». Kalejira guztietan parte hartzen duten zaleak ere badituzte. Ohikoena, Bermeon, lau aldiz ateratzea izaten da: Arrain Azokan, Erromeidxen, Andra Mari egunean eta Santa Eufemia egunean. Kanporako irteerak, berriz, jendearen araberakoak izaten dira. Hala ere, «ez dute jendea aspertu gura»; hortaz, egiten dituztenekin «nahikoa» dela uste dute.
Erraldoiak eta Xixili, Almika auzoko ekitaldian, Andra Mari egunean
10.urteurreneko ospakizunak amaitu dituzte. Beraz, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak amaitu ostean, erraldoiak eta buruhandiak datorren urtera arte gorde egingo dituztela azaldu dute. Gainera, oraingoan, tailerritik pasatu beharko dutela adierazi dute. Konponketa txikiak egiteko badituzte laguntzaile bat, baina, handiagoak egin beharko dituzte oraingoan.