Ereñoko Motokros lasterketa bihar lehiatuko dute
Euskadiko Txapelketarako puntuagarria da. 15:30ean hasiko da lehia, Gabika auzoan. Goizean egiaztatzeak eta entrenamenduak burutuko dituzteMotor zaleek Ereñoko Gabika auzoan dute hitzordua bihar arratsaldean. Motokros lasterketa jokatuko dute, eta Eus...
Euskadiko Txapelketarako puntuagarria da. 15:30ean hasiko da lehia, Gabika auzoan. Goizean egiaztatzeak eta entrenamenduak burutuko dituzte
Motor zaleek Ereñoko Gabika auzoan dute hitzordua bihar arratsaldean. Motokros lasterketa jokatuko dute, eta Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango da.15:30ean hasiko da proba, baina goizean burutuko dituzte egiaztatzeak eta entrenamenduak, 10:00ak inguruan hasita.
Kimuen, promesak kategoriaren, 18 urtez azpikoen, eliteen, beteranoen eta klasikoen mailako lasterketak jokatuko dituzte.
Bertoko eta kanpoko pilotuen erakustaldiaz gozatzeko aukera ederra eskainiko du lasterketak, beste urte batez. Kategoria desberdinetan, 51 pilotuk eman dute izena honez gero.
Hain zuzen ere, gaur da izena emateko azken eguna, beraz, gaur zehaztuko dute parte hartzaile kopuru zehatza. «90 bat moto gidari espero ditugu», zehaztu dute Gernika Off-Road taldeko kideek.
Zirkuitua betikoa izango da; orain arte oso siku egon dela azaldu dute antolatzaileek, baina gaurko euriak mesede egingo diola eta, lehiarako prest egongo dela adierazi dute. «Aro ona egongo da, eta jendea animatzea espero dugu».
Euskal Herriko zein kanpotik etorritako pilotu ezagunek lehiatuko dute lasterketa. Bertokoei dagokienez, Alex Olaeta ibarrangeluarra eta Unai Gerrikaetxebarria gernikarra 18 urtez azpikoen kategorian ariko dira. Oier Lavin bermeotarra Junior X2 kategorian, eta Asier Unzueta markina-xemeindarra, ostera, promesak kategorian lehiatuko dira.
Era berean, pilotu ezagun eta izen handikoak ere etorriko dira Ereñora. Besteak beste, aurtengo Munduko txapeldun Ander Valentin nafarrak parte hartuko du. Katalanek ere ez dute hutsik egingo; besteren artean, Nil Bussot eta aurreko astean Superkros txapeldun titulua irabazi zuen Joan Cros ariko dira lehian.
Sari banaketa ekitaldia 20:00etan egitea aurreikusi dute antolatzaileek.