Bi gernikarretako batek eskuratuko du. Izan ere, Diego Beaskoetxeak Ibon Aldazabal berriatuarragaz jokatuko du, eta Unai Lekerikaren bikotea Erik Mendizabal mutrikuarra izango da.
Finalerako sailkatu diren bikoteak. Argazkia: Jai Alai News.
Donostiako Karmelo Balda frontoian jokatuko dute, 18:00etan hasita.
3. posturako lehiaren ostean lehiatuko dute Munduko Pilota Batzarrak antolatutako Binakako Txapelketaren finala.
Mikel Egiguren donostiarrak eta Gotzon Enbil zumaiarrak osaturiko bikoteak Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra eta Ibai Erkiaga lekeitiarra izango dituzte aurkari.
Finalderdiak
Aurreko barikuan (irailak 2) jokatu zituzten finalerdiak Zumaiako Aitzuri pilotalekuan.
Beaskoetxeak eta Aldazabalek Egigurenen eta Enbilen kontra lehiatu zuten finalerdia. 11-15 eta 9-15 galdu zuten partida gaur egungo txapeldunek.
Partida serioa eta erritmo bizikoa jokatu zuten. Amaieran, Beaskoetxeak frontoira ez zirela ondo egokitu adierazi zuen, pelota oso arin zetorkiela, eta ezin izan zutela nahi bezala jokatu. Aldazabal izan zen gehien sufritu zuena.
Beste finalerdiko bi bikoteek erakustaldi bikaina eskaini zieten bertan bildutako zaleei. Lehen set izugarria burutu zuten Lekerikak eta Erikek, eta 12-15 nagusitu ziren. Baina, bigarrenean aurkariak bizkortu, eta 15-10 irabazi zuten. Ondorioz, berdinketa hausteko seta jokatu zuten.
Maila ona erakutsiz
Beaskoetxea oso sasoi onean dago. Iaz bezala, udako bi txapelketa garrantzitsuenetakoak irabazi ditu aurten ere: Donibane Lohitzuneko Grand Slam-a eta Miarritzeko Urrezko Guantea. Bi txapelketa horietan
Eric Irastorza lapurtarra izan da haren bikotea. Aurtengoa Beaskoetxeak lortzen duen bosgarren Urrezko Guantea izan da (lau Irastorzagaz irabazi ditu, eta bestea Etchetogaz).
Lekerikarentzat ere uda berezia izan da aurtengoa. Lehenengo urtea du profesionaletan, eta emaitza oso onak lortu ditu. Bere ibilbidearen hasieran, eskarmentu handiko puntisten pare dagoela erakutsi du. Beaskoetxeagaz Hondarribiako Masterra eta Donibane Lohitzuneko Master 3 txapelketa irabazi ditu. Miarritzeko Open-ean ere nagusitzea lortu zuen, eta Donibane Lohitzuneko Grand Slam-ean bigarren geratu zen, Olha bikote zuela.