Kamiñalde larrialdi edo urgentziazko egoeran dagoen zehaztu behar da
Kamiñaldeko egoera larrialdikoa da egun, eta urgentziazkoa dela erabakiz gero, gauzak nabarmen aldatuko lirateke. Lantaldeak hartu beharko du erabaki horiOndarroako Udalak jakitera eman duenez, Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari ...
Kamiñaldeko egoera larrialdikoa da egun, eta urgentziazkoa dela erabakiz gero, gauzak nabarmen aldatuko lirateke. Lantaldeak hartu beharko du erabaki hori
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldea egoera larrialdikoa edo urgentziazkoa den erabaki nahian dabil.Ondarroako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean adostutako lantaldeak bi batzar egin ditu, eta horietan egoera zer mailatakoa den zehaztu nahian dabiltzala nabarmendu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. «Egoera larrialdikoa edo urgentziazkoa modura zehaztu nahian gabiltza, eta bata edo bestea aukeratzeak mendi magalean egiten ari diren lanetan eragina edukiko luke».
Orain sei hilabete mendia amiltzen hasi zenez geroztik, larrialdi egoera mantentzen da, baina urgentziazkoa modura zehaztuz gero, egoera nabarmen aldatuko litzateke. Hau da, egoera urgentziazkoa dela erabakitzen bada, mendian egiten ari diren lanen proiektua esleitu, eta ostean lehiaketara atera beharko litzateke, esate baterako, eta horrek lanen aurreikusitako epea zer edo zer atzeratu egingo lukeela uste du udalak. «Larrialdi egoera baten aurrean udalak eskumena du lanak ahalik eta azkarren egingo dituenari esleitzeko zuzenean, baina urgentziazko egoera batean, ostera, gauzek euren denbora behar izaten dute».
Zorra kitatzeko nahia
Bien bitartean, mendi magalean egiten ari diren lanek martxa onean jarraitzen dute. Lanak burutzen ari diren enpresaren aldetik sei jakinarazpen jaso ditu udalak, eta kopuru horretatik 2,5 milioi euro ordainduta daude (2 milioi udalak ordaindu ditu, eta beste 500.000 euroak Bizkaiko Foru Aldundiak), baina, hala ere, beste kopuru handi batek (4,5 miloi bat euro) ordaintzear jarraitzen du, eta zor horiek kitatzea udalaren lehentasunetako bat dela azpimarratu du Bedialaunetak. «Orain arte egin diren lanak ordaintzeko ez dugu nahikoa dirurik, eta hiru erakundeon artean egiten ditugun lantaldeko batzarretan gai hori mahai gainean ipintzen jarraituko dugu. Gure aldetik, ahalegin berezia egingo dugu zor horiek ordaintzeko. Era berean, egoera larrialdikoa ala urgentziazkoa izendatu, guk ez dugu nahi lanak gelditzea. Hortaz, gure nahia, beti ere, larrialdi egoeran jarraitzea izango da, lanekin jarraitzeko, behinik behin».
Udalak ordaindu duen kopuruaz gain, beste 2 milioi euroko aurreikuspena eginda dauka aurrekontuetan, eta beste partida bat eransteko asmoa ere bazeukan, baina uztailaren bukaeran ebatzitako epai batek (Kamiñazpiko lehengo kontserberarekiko auzia) udala eta aldundia 2,6 milioi euro erdibana ordaintzera behartu ditu. «Horrek erabat baztertzen du ekarpen gehiago egiteko aukera». Bien bitartean, lanak egiten ari direnekin harremanetan dago udala. «Finantzaketari buruzko konpromiso garbia ez badago ere, lanak ez dira geldituko, baina arriskua erritmoa geldotzekoa da, eta horrek herritarren etxebizitzetarako itzulera atzeratuko luke».
Lur jausiak eragindako kalteen konponketa lanek 17 milioi euroko kostua daukate. Hor sartzen dira mendiko lur kentzeak, kendutako lurrak pilatzeko egin behar izan diren desjabetzeak ordaintzea eta etxebizitzetan eragindako kalteak konpontzea.
105 familia etxetik kanpo
Lanei dagokienez, eremua basogabetzeko lanak nahikoa aurreratuta daude, eta horrek mendia amiltzeko arriskua nabarmen gutxitu du. Azken asteotako eguraldi lehorrek ere egoeran asko lagundu dute, eta jarraipena egiten ari diren teknikarien arabera, mendia ere ez da mugitu aspaldian.
Larrialdi egoera edo urgentziazkoa izendatu bitartean, lanen martxa zer edo zer gutxitu egin da. «Orain momentuan, astebukaeretan ez dira gauez lanean ari, lankarga hori zelan bideratuko den ez dakitelako».
Arriskua gutxitu egin dela kontuan hartuta, gainera, euren etxebizitzetatik kanpora zeuden 70 bat familiak (Artibai ibaiaren aldean dauden etxebizitzetakoak) uztailaren 29an etxera bueltatzeko aukera izan zuten.
Kaleko zirkulazioa ere egun horretan berrezarri zen (atari bikoietako espaloiak itxita jarraitzen du), eta auzoko atari bakoitietan dauden saltokiak eta zerbitzuak ere normaltasunera bueltatzen hasita daude. Hala ere, eta mendia egonkortu artean, atari bikoietan bizi diren beste 105 familiak euren etxebizitzetatik kanpora jarraitzen dute.
Elkarretaratzea, etzi
San Inazioko auzotarrek, lur jabeek eta dendariek kezkaturik jarraitzen dute, eta euren egoera zein den jakitera emateko elkarretaratzea deitu du Saiñazio Mendi Azpixan gestorak. Agerraldia etzi, 10:00etan egingo dute, Kamiñalden, lur jausiaren parean.
Elkarretaratzea amaitu ostean, gainera, euren etxeetatik kanpo dauden autozotarrek etxebizitzetan sartzeko aukera izango dutela aurreratu dute. Udala protokoloa zein izango den zehazten ari da, eta laster emango die horren berri herritarrei. «Txandaka sartu ahal izango dira bizilagunak, eta ordubete inguru sartzeko aukera ematea aurreikusten da».