Giro ona izan da azokan
Baserritarrek beren produktuak jarri zituzten eskuragarri. Euskal oilo eta antzarren II. Lehiaketa eta Txinga erute norgehiagoka ere egin zuten, adin guztietako parte hartzaileekZapatuan ospatu zuten Eako VI. Nekazal azoka. Goizean hasi eta bazkalordur...
Baserritarrek beren produktuak jarri zituzten eskuragarri. Euskal oilo eta antzarren II. Lehiaketa eta Txinga erute norgehiagoka ere egin zuten, adin guztietako parte hartzaileek
Zapatuan ospatu zuten Eako VI. Nekazal azoka. Goizean hasi eta bazkalordura arte, baserritarren produkturik freskoenak erosteko aukera eduki zuten bertara joan zirenek.Halaber, produktuen erakusketagaz batera, erreminten zein uso mezularien erakustaldia ere egin zuten. Eguerdian herriko Euskal Oilo eta Antzarren II. Lehiaketa ikusten ere jende asko batu zen, eta horregaz batera, Txinga Erute lehia ere ez zuten galdu gura izan.
Euskal Oilo eta Antzarren lehiaketan sei partaide egon ziren, eta horiek 46 oilo eta lau antzar jarri zituzten ikusgai.
Erakusketako oilorik onena Gotzon Arrietarena izan zela erabaki zuten epaimahaikideek. Oilo talderik onenaren saria, ostera, Angelutxuko Jose Julian Garatxena baserritarrak irabazi zuen.
Irabazleentzako garaikurrekin batera, parte hartzaile guztiek pentsu zaku bana jaso zuten, San Isidro nekazal kooperatibaren eskutik.
Bestalde, Txinga Erute txapelketan Santxo eta Ainize nagusitu ziren. Santxok 42 untzeko marka lortu zuen, eta haren atzetik, Urtza baserriko Julen sailkatu zen, 14 untzegaz.
Mutilen kategoriagaz alderatuta, nesketan lehia estuagoa izan zen. Irabazleak zortzi untza eta 1/2ko marka egin zuen, eta Terese Madariaga bigarren sailkatuak zazpi untzako marka lortu zuen. 14 urte besterik ez dituen Madariaga gazteak lan bikaina burutu zuen.
Mutiletan hamalau parte hartzaile lehiatu ziren, eta nesken kategorian, berriz, zazpi izan ziren partaideak.
Jai giroan, bertako zein inguruko herritarrak baserritarrez jantzita ibili ziren. Gainera, albokarien doinuak izan zituzten lagun goiz osoan.