Eskualdeko lau herri lotuko dituen proba egingo dute hilaren 24an
Ondarru-Lekitto Kostaldeko Lasterketak 15,5 kilometro inguru edukiko ditu. Izena 'herrikrosa.eus' atarian eman behar da. Boluntarioak behar dituzteOndarru-Lekitto Kostaldeko Lasterketa lehiatuko dute estreinako, hilaren 24an. Gutxi gorabehera, 15,5 kil...
Ondarru-Lekitto Kostaldeko Lasterketak 15,5 kilometro inguru edukiko ditu. Izena ‘herrikrosa.eus’ atarian eman behar da. Boluntarioak behar dituzte
Ondarru-Lekitto Kostaldeko Lasterketa lehiatuko dute estreinako, hilaren 24an. Gutxi gorabehera, 15,5 kilometroko proba izango da.17:00etan Ondarroako Itsasaurre plazan hasi, eta Berriatuatik eta Mendexatik pasatu ostean, Lekeitioko plazan amaituko da lasterketa. Bi udalerrietako herriguneetatik pasatuko da. Ondarroan irteera neutralizatua egingo dutela azaldu dute.
Antolatzaileen berbetan, lehenengo korrikalariek ordu bete baino gutxiago beharko dute proba amaitzeko.
www.herrikrosa.eus atarian eman behar da izena, eta lasterketaren aurreko egunera arte eman daiteke izena. 15 euro ordaindu behar dira, eta 18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute.
Honez gero, korrikalari batzuek izena emanda daukate. Esate baterako, atzo goizean 35 korrikalari zeuden izena emanda. «Horietatik batzuk eskualdeko herritarrak dira, eta badira, esaterako, nafarrak ere», zehaztu dute Tximista taldeko odezkariek.
Hain zuzen ere, lasterketaren antolatzaile Lekeitioko Tximista Atletismo taldeko kideek ahalik eta arinen izena emateko eskaria egin dute, «antolaketa lanak errazteko».
Gizonezkoen zein emakumezkoen kategorietako irabazleek txapela, garaikurra eta 250 euroko diru saria jasoko dute. Bigarren sailkatuei garaikurra eta 150 euro emango dizkiete, eta hirugarrenei garaikurra eta 75 euro.
Era berean, eskualdeko lehenengo sailkatuak ere saritu egingo dituzte. 75 euro eta Villa Itxaso Hotelean gau bateko egonaldia (gosaria barne) irabaziko dituzte.
Bigarren sailkatuek garaikurra eta 50 euro jasoko dituzte, eta hirugarrenek garaikurra eta 25 euro. Beste alde batetik, parte hartzaile guztiei eta laguntzaileei lasterketaren kamiseta bana emango diete.
Boluntarioak
Atzo goizean egin zuten agerraldian boluntarioak behar dituztela adierazi zuten. Beraz, laguntzeko prest dauden herritarrei honako bi helbideetako batera idazteko eskatu diete: tximista@tximista.net edo kirola@tximista.net.
Egokiena boluntarioak herri bakoitzean bertako bizilagunak izatea dela azaldu dute. Probaren hasieran eta bukaeran ez ezik, ibilbidean zehar egoteko ere behar dituzte boluntarioak.
Bi hornidura gune egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek; gutxi gorabehera bosgarren eta hamargarren kilometroetan egongo dira.
Eta lasterketak iraun bitartean, BI-3438 errepidea moztuta egongo da. Beraz, lasterketa pasatuko den herri bakoitzeko udaleko kideek auzotarrei jakinaraziko diete, denak jakinaren gainean egon daitezen.
Gainera, parte hartzaileentzat autobus zerbitzua egongo da. «Proba hasi aurretik Lekeitiotik Ondarroara joateko zein amaitu ondoren Ondarroara bueltatzeko autobusak jarriko ditugu».
Klasika bihurtzeko asmoz
Lea-Artibaiko herri askok beren lasterketak dituzte, baina Tximista Atletismo taldekoek aspalditik zeukaten eskualde mailako zerbait antolatzeko asmoa.
Hain zuzen ere, Ondarroa, Markina-Xemein eta Lekeitio lotzen zituen proba egitea zen haien hasierako asmoa, baina luzeegia zela konturatu ziren. «Urteetan egon gara halako zerbait egin behar zela pentsatzen. Ikusita kostaldeko bidea polita eta lasaia dela Ondarroatik Lekeitiora egitea erabaki genuen».
Estreinako antolatu duten lasterketa urtero egitea da asmoa. Horretarako herritarren erantzuna ona izatea espero dute, eta proba arrakastatsua izatea: «Etorkizuna izatea nahi dugu; aurtengoa zerbaiten hasiera izanda, lasterketa klasika bat bihurtzea da gure ametsa».