Almikako jaitsierarekin motorrak berotzen hasi dira bermeotarrak
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek gaur gauean egingo dute eztanda. Herriko ume, gazte eta nagusi asko, baina, arratsaldean hasi dira motorrak berotzen Almikako jaitsierarekin. 17:30etan hasi dira Almikatik jaisten eta txosnagunean amaitu dute bidea. Tartean, asko eta askotan gelditu dira ura eskatzeko.
21:50ean aurkeztuko dute jaietako protagonista nagusia, Xixili. Ondoren, Idurre Bideguren alkateak pregoia irakurriko du. Txupinazoa jaurti baino lehen, aurten urteurrenak ospatzen ari diren Bermeoko Abesbatzeko (60 urte), Alkartasuna Dantza Taldeko (40 urte) eta Bermeoko Erraldoien Konpartsako (10 urte) ordezkariek jasoko dituzte ikurrina eta Bermeoko bandera.
Udaletxea erabili ezin bada ere, jaien hasiera Goiko Plazan egingo dute aurten berriro.