Portuan egon da olatu berdea
Independentistak Sareko kideek eta bermeotarrek bariku iluntzean egin zuten agerraldia. Independentziaren aldarrikapena ozen zabaldu dute, beste behin ereIndependentistak Sareak antolatutako olatu berdea Bermeora iritsi zen bariku iluntzean, eta hainba...
Independentistak Sareko kideek eta bermeotarrek bariku iluntzean egin zuten agerraldia. Independentziaren aldarrikapena ozen zabaldu dute, beste behin ere
Independentistak Sareak antolatutako olatu berdea Bermeora iritsi zen bariku iluntzean, eta hainbat izan ziren horregaz bat egin zuten herritarrak. Kalejiragaz hasi ziren, eta ondoren, ekitaldia egin zuten.Beste urte batez, Euskal Herriaren independentziaren aldarrikapena ozen zabaldu zuten: «Dependentzia eta independentzia balantza batean ipiniz gero, askoz ere erakargarriagoa, askatzaileagoa dena, eta, gainera, herri zein pertsona legez komeni zaiguna independentzia da», esan zuen Txutxi Ariznabarreta Independentistak Sarearen kideak. Hala, kendutako estatua berreskuratzeko ordua dela esan zuen Ariznabarretak: «Herri batek, nazio batek bere estatua ez badauka, nekez egin dezake aurrera mundu honetan. Beti esan digute estatuak gaindituta zeudela, hori XIX. mendeko kontua zela, baina XXI. mendean mundua estatuen bitartez antolatuta dago, eta estatu ez denak ez dauka izaterik. Beraz, Euskal Herriak ez dauka beste biderik estatu hori berreskuratzea baino».
Halaber, Espainiar estatu eredua «goitik behera ustelduta» dagoela esan zuen: «Eta zergatik jarraitzen dugu Madrilera begira? Geure bidea egin behar dugu».
Katalunia eredu
Euskal estatua abertzaleek bakarrik ez, herri osoak behar duela aldarrikatu zuten barikuko ekitaldian, «hobeto bizitzeko eta benetako demokrazia bat eraikitzeko».
Datorren astean herriko jaiak izateaz gain, Katalunian Diada eguna ere ospatzen dela (irailaren 11n) gogora ekarri zuten, eta hango ereduaz mintzatu ziren. Katalunian «hiru hankako sinbiosia» eman dela zehaztu zuen: herria, eragile politikoak eta instituzioak.
Hala, Ariznabarretak azaldu legez, hiru hankako prozesu hori martxan jartzeko lehen pausoa herriak eman behar du : «Hemen nahikoa epel gabiltza. Gora begira jarraitzen dugu, eta Euskal Herriari goitik inoiz ez zaio ezer etorri. Hemen egin dena behean egin da, bertako lanaz, gizartearen oinarrian egin da».