Ion Mugika eta Leire Zeziaga nagusi, Salome Campos proban
Ion Mujika izan zen azkarrena zapatuan, Salome Campos itsas zeharkaldian. Bermeoko portutik Izaro irlarainoko joan-etorria ordu bete eta 45 segundotan burutu zuen gipuzkoarrak.Emakumezkoetan ere gipuzkoarrak izan ziren nagusi. Leire Zeziaga izan zen le...
Emakumezkoetan ere gipuzkoarrak izan ziren nagusi. Leire Zeziaga izan zen lehena; ordu bete, 15 minutu eta 19 segundoko denboran amaitu zuen 5.000 metroko proba.
Gizonezkoetan, iazko irabazle Alex Ojanguren sailkatu zen bigarren, eta Txema Marimon heldu zen hirugarren Bermeoko portuko helmugara. Ojangurenek ordu bete, bi minutu eta 11 segundoko denbora egin zuen (iaz 1:03:52), eta Marimon Ojangurenengandik 23 segundora sartu zen helmugan.
Emakumezkoetan, Amaia Zendoia sailkatu zen Zeziagaren atzetik, eta Lara Bikandik osatu zuen podiuma. Zendoia irabazlearengandik 30 segundora heldu zen. Bikandik ordu bete, 17 minutu eta 19 segundoko denboran bete zuen proba.
Era berean, 5.000 metroko proba neoprenorik barik egin zuten Leire Zeberio sailkapen orokorrean laugarrena eta Aaron Sanchez sailkapen orokorrean zortzigarrena ere saritu zituzten.
1.500 metroko proba, berriz, iazko garaile Ander Arruabarrenak eta Maialen Saezek irabazi zuten. 19 minutu eta 24 segundoko denboran bete zuen proba Arruabarrenak iaz 22.20. Saezek 21 minutu eta 20 segundoko marka egin zuen.
Gizonezkoei dagokienez, Aritz Aguilar eta Unai Arruabarrena sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Aguilarri garaipena lortzeko gutxi falta izan zitzaion, Arruabarrenarengandik bost segundo eskasera helmugaratu baitzen.
Bestalde, emakumezkoetan ere alde estua egon zen. Ana Rosco bigarrena irabazlearengandik 3 segundoko aldeagaz heldu zen. Nuria Boyero hirugarren sailkatuak 21 minutu eta 37 segundotan burutu zuen lehia.
Nagusien aurretik, umeek 500 metroko proba egin zuten, eta 9 minutu eta 48 segundoko denboragaz Maialen Sudupe nagusitu zen. Unai Somovillak Suduperengandik 9 segundora amaitu zuen zeharkaldia.
Kategoria guztiak kontuan hartuta, 600 igerilaritik gora batu ziren Bermeon; tartean zeuden Gipuzkoako Kanporta Kirol Elkarteko igeriketa egokituko kideak. Horiek bertan bildutakoen omenaldi beroa jaso zuten sari banaketa ekitaldian.