Markina eta Markina-Xemein arteko iraupen luzeko martxa, irailaren 11n
14 bat ordutan egiteko moduko 64 kilometroko ibilaldi luzea antolatu du Artibai Mendigoizale Taldeak 70. urtemuga ospatzeko. Ibilbide labur bat ere prestatu duteArabako Markina herritik Markina-Xemeinera arteko iraupen luzeko martxa antolatu du Artibai...
14 bat ordutan egiteko moduko 64 kilometroko ibilaldi luzea antolatu du Artibai Mendigoizale Taldeak 70. urtemuga ospatzeko. Ibilbide labur bat ere prestatu dute
Arabako Markina herritik Markina-Xemeinera arteko iraupen luzeko martxa antolatu du Artibai Mendigoizale Taldeak irailaren 11rako. Denetara, 64 kilometro izango dira, bataz beste 14 bat ordutan egiteko modukoak.Ibilbidea paraje ikusgarrietatik igaroko da. Parke natural bi, Gorbeiakoa eta Urkiolakoa zeharkatuko ditu, bai eta Araba eta Bizkaia lotzen dituen Atxuriko haitz arteko pasabidea eta Saldropoko hezegunea ere.
Ibilaldia Arabako Markinan hasiko da, eta bertara joateko autobusak jarriko ditu Artibai Mendigoizale Taldeak. Autobusek 03:00etan irtengo dute Markina-Xemeingo autobus geltokitik.
Herririk herri
05:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Markina-Xemeinera bidean. Argitu orduko hasiko dute ibilbidea, eta bidea adierazteko isla egiten duten seinaleak jarriko badituzte ere, linterna bat eraman behar dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Gorbeia (1.482m) igoko dute hasteko, eta tontorrean aurkituko dute lehenengo kontrola. Mendia jaitsi eta Atxuriko pasabidetik igarota, Saldropoko hezegunera igaroko dira. «Saldropon hornidura gunea eta kontrola egongo dira», azaldu dute.
Saldropotik Barazarrera bidean pista on batetik joango dira ibiltariak, eta Barazarretik Urkiolarantz joko dute, Dimako aireportu zaharraren ondotik.
Horren ostean, Atxartera jaitsi eta Abadiñorantz joan beharko dira. Abadiñon edukiko dute, berriz ere, hornidura gunean atseden hartu eta denbora neurtzeko kontrola.
Abadiñotik Garaira eta handik Oizera (1.026 m) jarraituko dute. «Han egongo da hurrengo kontrola, eta handik Longa auzora jaitsi eta azkenengo kontrola eta hornidura gunea aurkituko dituzte».
Arta auzotik Iruzubietara joan eta handik Markina-Xemeinera arteko azken tartea egingo dute ibiltariek.
Ibilaldi laburra
Bere zailtasunagatik ibilaldi luzea egiterik ez dutenek Garai eta Markina-Xemein arteko ibilbide laburra edukiko dute aukeran. Horrela, ibilaldi bietako parte hartzaileek bat egingo dute azken tartean. 20 kilometroko ibilaldia izango da antolatzaileek jakitera eman dutenez, bost bat ordutan egiteko modukoa.
Garaira joateko ere, autobusa jarriko du Artibai Mendigoizale Taldeak. 08:30ean irtengo du autobusak Markina-Xemeingo autobus geltokitik, eta ibilaldia 09:00etan hasiko da Garaitik.
Ibilbidea, beraz, Garai, Oiz, Longa, Arta, Iruzubieta eta Markina-Xemein izango da.
Artibai Mendigoizale Taldekoek aurreratu dutenez, parte hartzaile guztiek oparia izango dute ibilaldi amaieran, eta dutxatzeko aukera ere egongo da.
Horrez gain, irteerara ura eramatea gomendatu dute, «beroa balego batez ere».
Mendigoizale taldeak 50 urte bete zituenean antolatu zuten Alpinok bere lehen martxa luzea Aralarko San Migel eta Aretxinagako San Migel santutegien artean. Azken bost urtero, berriz, Markina-Markina antolatu dute; aurtengoa hirugarrena da.