Garraitz irlan indusketa lanak egin dituzte Atabakak eta Aranzadik
Komentuko ermita zegoen gunean eta gotorlekuaren parean egin dituzte lanak. Hormak garbitzean, beste eraikin bat ere egon zela ondorioztatu dute arduradunekLekeitioko Atabaka elkarteak eta Aranzadik indusketa lanak egin dituzte abuztuan Lekeitioko Garr...
Komentuko ermita zegoen gunean eta gotorlekuaren parean egin dituzte lanak. Hormak garbitzean, beste eraikin bat ere egon zela ondorioztatu dute arduradunek
Lekeitioko Atabaka elkarteak eta Aranzadik indusketa lanak egin dituzte abuztuan Lekeitioko Garraitz irlan. Boluntarioen laguntzagaz, besteak beste, antzinako altxorrak bistaratu dituzte bi elkarteek.Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, bi gunetan egin dituzte indusketa lanak: komentuko ermita izandako gunean eta gotorlekuan.
Ermita zegoen gunean, esaterako, lurzorua bistaratu dute boluntarioek. «Gainera, lurzorua nahikoa egoera onean dago eta aldarea izandakoa ere bistaratu dugu».
Gotorlekuari dagokionez, hormak garbitu dituzte, eta hormetako bat oso ondo atzematen dela gaineratu dute. «Badirudi gune horretan beste eraikinen bat ere egon zela», aurreratu dute. Atabakako kideek esan dutenez, baina, aurretiaz ere bazekiten beste eraikin bat egon zela, baina indusketa lanei esker, baieztatu egin dutela gaineratu dute.
Lanean jarraitzeko asmoa
Orain arte egindako lanez gain, aurrera begira ere lanean jarraituko dutela azaldu du Atabakak. Izan ere, Garraitz irlan lan egiteko proiektua luzera begirakoa da. «Baliabide asko ere ez ditugu, eta gutxinaga-gutxinaka lan egiten joango gara. Hemendik hogei urtera ere, gauzak aurkitzen eta bistaratzen egon ahal garela esan genezake», dio Guillermo Ruiz de Erentxun Atabakako kideak.
Gainera, proiektua bera ere osotasunean hartzekoa dela gaineratu dute. «Egiten diren lanak ez dira bakarka aztertu behar; proiektua osotasunean hartu behar da».
Garraitzeko proiektua, gainera, Atabakak daukan ereduaren ikurra dela diote. «Atabakak erakundeen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzen du; herriko ondarea babesteko elkarlan hori ezinbestekoa dela uste dugu».
Abuztuan egin dituzten aurkikuntzei dagokienez, ez dituztela hesiz babestuta utzi azaldu dute. «Ez dugu uste aurkikuntzak kaltzetzeko inork ezer egingo duenik. Hori bai, kartelak-eta ipini ditugu. Arkeologoek aurkikuntzak egiten dituztenean estali egiten dituzte normalean. Guk, ostera, bistan utzi nahi ditugu, jendeak ikusi ahal izateko».